Amaia Eraso Lasa Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Haur Hezkuntzako graduatuak eskoletan estimulazio multisentsoriala lantzeko protokolo bat garatu du Gradu Amaierako Lanean. Iruñeko Amaiur Ikastola publikoan probatu du protokoloa: gela multisentsorial bat sortu zuen han, eta lau urteko ikasle batekin lan egin zuen oinarrizko funtzio kognitiboak (arreta eta oroimena) garatzen laguntzeko.
Izan ere, estimulazio multisentsorialak oinarrizko funtzio kognitiboak garatzen laguntzen du, eta geroago funtzio kognitibo konplexuagoak garatzea errazten. “Neskatoak heldutasun atzeratu orokorra zuen diagnostikatua, eta estimulazio sentsorial falta zuen”, azaldu du lanaren egileak.
Protokoloa diseinatu ondoren, esku hartzeko proposamena egin zuen Amaia Erasok: “Gela multisentsorial bat sortu genuen, eta zenbait baliabidez hornitu, hala nola erlaxatzeko eta lanean hasteko txokoak, aterki multisentsorial bat, panel sentsorial batzuk, argi panelak, usaitze- eta dastatze-probak, argi bolak eta abar. Horrekin guztiarekin hainbat jarduera egiten ahal dira, baita zentzumenak landu eta ingurunearekin interakzioan aritu ere”.
Nahiz eta pandemiaren ondorioz uste baino laburragoa izan zen esperientzia, “emaitza onak izan zituen protokoloak eta ikasleak erantzun positiboa eman zuen. Izan ere, gela multisentsorialean, hots, neskatoari egokitutako leku batean izan zuen interakzioa ingurunearekin eta ikaskideekin. Gela berezi hori, gainera, prestatua gelditu da ariketak egiten segitzeko”.
Protokoloa eta esku-hartzea
Protokoloa eta esku hartzeko proposamenaren ideia graduko praktikak Amaiur ikastolan egiten ari zela sortu zitzaion Amaia Erasori, Pedagogia Terapeutikoko espezialitateko praktikak egiten ari baitzen han. “Nire tutoreak estimulazio multisentsorialari buruz hitz egin zidan. 4 urteko ikasle bat zuen, zentzumenak estimulatzeko premia zuena, eta aterki multisentsorial bat eta panel bat prestatzeko eskatu zidan. Jakin-mina piztu zidan horrek, eta gaian sakontzea erabaki nuen”.
Amaia Erasok zer asmo zuen azaldu zien Fernando Trébol Unibertsitateko bere tutoreari, ikastetxeko zenbait jenderi (tutorea, zaintzailea, orientatzailea, logopeda, etab.) eta neskatoaren familiari, eta, gero, protokoloa diseinatzea erabaki zuen. Horretarako, Txiribuelta mikrokooperatiba sozialeko profesionalen laguntza ere izan zuen: informazioa eman zioten martxan zituzten programei buruz, nolako profileko jendearekin lan egiten duten azaldu zioten eta abar.
“Protokoloa, izatez, jarraibide moduko bat da, ikasturtearen hasieratik bukaerara zer egin behar den adierazi eta geroagoko esku-hartzea errazten duena —azaldu du Amaia Erasok—. Nire proposamena gela multisentsorial bat eraikitzea izan zen, eta estimulazioa teknologia berrien bidez ere lantzea, eskolan egiten den lana etxean jarraitu ahal izateko; hartara, familiari baliabideak eta aukera ematen zaio prozesuan parte hartzeko”. Horretarako, piktograma batzuk egin zituen ikaslearen hurbilekoen argazkiekin, komunikazioa errazteko eta ukipen-elementuak erantsi zizkion multisentsoriala izan zedin.
NUPeko ikasleak material birziklatuak erabili zituen gela multisentsorialean, “ahalik eta aurrekontu txikienarekin moldatzeko, eskolaren muga ekonomiko, fisiko eta pertsonaletara egokitu behar baitzuen hasieratik beretik proiektuak”. Amaia Erasok, gainera, zenbait hobekuntza eta jarduera proposatu zituen hurrengo ikasturteetarako, eta uste du “baliabideak mugatuak izanik ere, gauza handiak egiten ahal direla, bistan dena”.