Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektore Ramón Gonzalok ongietorria egin dio Humberto de la Calle abokatu, diplomazialari eta idazleari. Izan ere, heldu diren hiru asteetan, Humberto de la Calle irakaslea NUPen arituko da ikerketan laguntzen eta ikasleei eskolak ematen, eta hitzaldi bat ere emanen du, jende orori zuzendua: "Kolonbia: gatazka politikoa eta bakearen eraikuntza" izenekoa.
Kolonbiako diplomazialaria Campus Iberus partzuergoaren eskutik iritsi da NUPera, Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusaren eskutik alegia. Iruñean dagoen bitartean, I-COMMUNITAS Ikerketa Institutuko justizia trantsizionaleko adituekin egingo du lan. NUPeko egonaldiaren ondoren, beste hiru aste eginen ditu Zaragozako Unibertsitatean Kolonbiara itzuli aurretik.
Iruñean, hitzaldi bat emanen du irailaren 29an, 19:00etan, Kondestablearen Jauregian (Izena eman behar da aldez aurretik), eta Kolonbiako gobernuaren eta FARCen arteko bake akordioen negoziazioan izandako esperientzia azalduko du.
Dibulgazioaz eta ikerketaz gain, eskola bana emanen die NUPeko Zuzenbidearen Historiako eta Zuzenbide Penal Ekonomikoko ikasleei, eta, aurreikuspenen arabera, Esperientzia Gelako ikasleei ere hitzaldi bat eginen die.
Ibilbide oparoa
Humberto De La Calle irakaslea aditua da Zuzenbide Konstituzional eta Administratiboan, eta ibilbide politiko luzea du Kolonbian. Gobernu ministroa izan zen César Gaviriaren agintaldian (1990-1994), Errepublikako presidenteordea Ernesto Samperren gobernuan (1994-1996) eta barne ministroa Andrés Pastranaren gobernuan (2000-2002). 2018an hautagaia izan zen presidente izateko hauteskundeetan.
Ministro gisa, gainera, Asanblea Nazional Konstituziogilean parte hartu zuen, zeinak Kolonbiako 1991ko Konstituzioa aldarrikatu baitzuen —1886koa ordeztuko zuen konstituzioa alegia—. Egoera Zibileko erregistratzaile nazionala ere izan zen, eta Justiziako Gorte Goreneko magistratu eta Kolonbiako enbaxadorea ere bai Amerikako Estatuen Erakundean (OEA).
2012an, Juan Manuel Santosen gobernuak negoziazio taldeko buru izendatu zuen FARC gerrillarekiko bake prozesuan. Prozesuari azkena emateko, 2016ko bake akordioak sinatu eta berretsi zituzten.
Unibertsitateko irakasle aritu da 15 urtez Caldasko unibertsitatean (Zuzenbide Fakultateko dekanoa izan zen), Los Andes eta El Rosario izenekoetan, eta dozena bat liburu eta zenbait saiakera idatzi ditu, berriki argitaratutako autobiografia besteak beste.