Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), I-COMMUNITAS ikerketa-institutuaren bidez, biltzarra antolatu du irailaren 23an eta 24an, iruzur eta ustelkeria salatzaileak babesteari buruzko Europako zuzentaraua, "Whistleblowing" delakoa, aztertzeko. Araudi berri horrek ekarriko dituen gai garrantzitsu eta eztabaidagarrienak aztertuko dituzte hogei bat adituk diziplina anitzeko eta nazioarteko ikuspegitik. Jardunaldiak presentzialki (Jeronimo de Ayanz zentroko hitzaldi aretoan) edo “online” jarraitzen ahalko dira; bi kasuetan izena eman behar da aurretiaz.

zoom NUP.

NUP.

Inés Olaizola Nogales Zuzenbide Penaleko katedradunaren eta Elisa Sierra Hernáiz eta Hugo López López Zuzenbide Saileko irakasleen esku egonen da biltzarraren zuzendaritza akademikoa. Inaugurazioa irailaren 23an izanen da, 16:00etan, eta Francisco Javier Arregui San Martín NUPeko ikerketa-errektoreordeak, Juan Mari Sánchez Prieto I-COMMUNITAS institutuko zuzendariak eta Elisa Sierra Hernáiz NUPeko irakasleak hartuko dute parte. Inés Molina Álvarez eta Lorena Alemán Aróstegui dira biltzarraren koordinatzaileak, prestakuntzaldian dauden doktoretza aurreko ikertzaileak biak ala biak. 

NUPeko irakasleez gainera, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko eta Carlos III.a Unibertsitateko zenbait irakaslek, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalekoek (UHUN), Kordobako Unibertsitatekoek, Zaragozako Unibertsitatekoek, Humboldt Unibertsitatekoek (Alemania) eta Modena eta Reggio Emilia Unibertsitateko (Italia) irakasleek ere hartuko dute parte, bai eta Nafarroako Gardentasun Kontseiluko eta Nafarroako Kontuen Ganberako zenbait kidek ere. Programa osoa Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal da.

Hitzaldien edukia

Irailaren 23an, aurkezpena eta gero, hitzaldietan aztergai izanen dute ea zuzentarauaren argitan esparru publikoan salaketa anonimoa egin daitekeen, salatzaileak nola babestu behar diren, konfidentzialtasuna noraino iristen den, zein diren berme prozesalak eta erantzukizun penalik ba ote dagoen informazio konfidentziala lortu eta jakinarazteagatik. Halaber, kontu publikoen faltsutzea eragozteko moduez mintzatuko dira, eta zergapekoen eskubideak aztertuko dira, besteak beste.

Bestalde, irailaren 24an, 09:30ean hasiko dira saioak, eta enpresaren esparru pribatuan aztertuko da zuzentaraua: salaketa bideak eta datuen babesa, salatzaile langilearen babesa, salaketa bideak genero ikuspegiari dagokionez edo salaketa eta bihozberatasuna konkurrentziaren zuzenbidean. Atsedenaldiaren ondoren, italiar eta alemaniar zuzenbidetik begiratuko diote EBko zuzentarauari. Miguel Díaz eta García Conlledo Leongo Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko katedradunak eta Inés Olaizola Nogales biltzarreko zuzendarikideak eta NUPeko Zuzenbide Penaleko katedradunak emanen diote amaiera biltzarrari.