Errautsen eta konposatu organikoen tenperatura altuko (450-1300 ºC) portaera ezagutzeko eredu prediktiboa garatu du Ibai Funcia Muguerzak bere doktoretza-tesian. Biomasaren errekuntza-prozesuan sortutako errautsen propietateak ezagutzea eta kontrolatzea, eta prozesu horretan eragina izan dezaketen eskorifikazio- eta zikinkeria-fenomenoak aurresatea izan da bere ikerketaren xedea.
Tesiaren egileak biomasaren ikertzaile senior gisa egiten du lan Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalean (CENER). Haren aburuz, “arazo horiek biomasa osatzen duten konposatu ez-organikoen kantitateari, izaerari eta portaerari lotuta daude, baita galdararen diseinuari eta eragiketa-baldintzei ere, horrek guztiak eragina baitu galdararen eraginkortasunean eta metatze- eta korrosio-arazoak agertzeko joeran”.
Bere doktoretza-tesiaren izenburua “Modelizado y estudio experimental del comportamiento de las cenizas en instalaciones industriales de combustión de biomasa con tecnología de parrilla” da, eta Fernando Bimbela Serrano irakasleak eta Luis Gandía Pascualek zuzendu dute, biak NUPeko Zientzien Sailekoak. Doktoretza-tesiak bikain cum laude kalifikazioa lortu du.
Ikerketa eta emaitzak
Galdararen barruan sortzen diren errautsen eta bestelako produktu ez-organikoen sorkuntzaren dinamika aztertzeak korrosioaren, aglomerazioaren eta metaketen ondorioak minimiza ditzake. Halaber, aurresateko tresna bat izanez gero, etorkizunean erregaien zehaztapenei edo galdaren diseinu- eta operazio-parametroei ezar dakizkiekeen mugei buruzko irizpide kuantitatibo objektiboak aplikatu ahal izango lirateke.
Azterketa Acciona Energía enpresarekin lankidetzan egin da. Enpresak Briviescan (Burgos) duen biomasa-instalazioan egin zen esperimentazioaren zati handi bat.
Doktoretza-tesian zereal-lastoa erabili da parrilla mugikor bibrakorreko teknologia duen industria-instalazio batean lehengai gisa. “Garatutako ereduek ongi deskribatzen dute galdarako elementu ez-organikoen portaera —azaldu du Ibai Funciak—, eta biomasaren konposiziotik abiatuta deposituak sortzeko arriskua ebaluatzeko aukera ematen dute”.
Emaitza esperimentalak CENERen MULTIBIOM (potentzia handiko ekoizpen elektrikorako erregai anitzeko biomasaren errekuntza-teknologiaren garapena) proiektuaren esparruan egindako lanaren emaitza izan dira. MINECOren (Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa) INNCONVENIO azpiprogramak finantzatu zuen.
Curriculum vitae laburra
Ibai Funcia Muguerza Zientzia eta Teknologia Industrialetako doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Kimikako lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean eta unibertsitatearteko masterra Proiektuen Kudeaketan Errioxako Unibertsitatean. 2003ko uztailaz geroztik, CENEReko (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala) Biomasa Sailean ari da lanean, biomasaren ikertzaile senior gisa.
Zientzia-argitalpenetan hamar bat artikuluren egilea edo egilekidea da, eta I+G+B proiektuetan hartu du parte, hala nola SECTOR eta INNPACTO MULTIBIOM, potentzia handiko elektrizitaterako biomasaren erregai anitzeko errekuntza-teknologia garatzeko. Egun CENERen aldetik CLARA eta OLEAF4VALUE europar proiektuen arduraduna da.