Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bihar, osteguna, abuztuak 5, zabalduko du zero ikastaroetan izena emateko epea, heldu den 2021-2022 ikasturtean gradu ikasketetan hasiko diren ikasleentzat. Monografiko horiek abuztuko bigarren hamabostaldian egingo dira, eta, lehen aldiz, modu sinkronoan egingo dira, bai aurrez aurre, bai “online”. Matrikula Interneten bidez egin behar da, abuztuaren 11 arte, Unibertsitatearen webgunearen bidez, non kontsultatzen ahal baita eskaintza osorik.
Zero ikastaroen xedea ikasleei, bakoitza zein titulaziotan matrikulatu den, bere titulazioari buruzko gaietarako sarrera ematea da, beren Batxilergoko edo Lanbide Heziketako prestakuntza sendotzeko eta Unibertsitatean erabilgarriak gertatuko zaizkien oinarri metodologikoak emateko. Hogei ordukoak diren ikastaro horietan parte-hartzeak ez dakar irakaskuntza kredituen aitorpenerako eskubiderik. Inskripzioa eta ordainketa abuztuaren 14a bitarte egiten duten ikasleak geldituko dira onarturik, ikaspostu guztiak bete arte.
Ikastaro-eskaintza osoa
Honako ikastaro hauek osatzen dute eskaintza: Estatistika, Adierazpen Grafikoa, Fisikaren Hastapenetako pare bat ikastaro eta Matematikako beste horrenbeste ikastaro, azken bi kasu horietan, titulazioen arabera bereiziak. Monografikoak Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) ikasleei zuzenduta daude, eta, berritasun modura, Estatistikako zero ikastaroa ere eskaintzen da Osasun Zientzien Fakultateko ikasleentzat.