Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritzako hamahiru ikaslek hartuko dute parte MotoStudent desafioaren VI. edizioan, José Sancho Rodríguez Ingeniaritza Saileko irakaslearen gidaritzapean. Lehiaketa horretan, zenbait herrialdetako unibertsitateetako taldeek motozikleta baten prototipoa diseinatu, garatu eta fabrikatzen dute, gero harekin lehiatzeko. Lasterketa batek emanen dio amaiera erronka horri igandean, uztailak 18, MotorLand Aragón zirkuituan (Alcañiz, Teruel), non 4 kontinentetako 17 herrialdetako beste 82 talde lehiatuko baitira bi modalitatetan: Moto Student Petrol (errekuntzako motorra) edo Moto Student Electric. Azken horretan hartuko du parte NUPeko taldeak, 15 herrialdetako beste 46 talderekin batera.
Motostudent desafioan lehiatuko den taldea, bere moto elektrikoarekin, NUPen. Ezkerretik eskuinera: Miguel Ángel Sánchez Sánchez, Luis Mendivil Ayerbe, Javier Iribarren López, Iker Urquijo Recalde, Rafael Barrio Huarte, Andrea Moreira Padrao, Juan Fermín Eguidazu Cuartero, Iñigo Lizarralde Gilcuartero eta Álvaro Iribarren Zabalegui
Bere prototipoa garatzeko, NUPeko taldeak Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroaren finantzabidea izan du (CEIN). Hori lortzeko, ikasleek prototipoaren balioa frogatu behar izan dute, “lehen edizioko errekuntzako prototipoa egokituz eta elektriko bihurtuz”, azaldu dutenez. NAITECen babesa ere izan dute (mugikortasunean eta mekatronikan espezializatutako Nafarroako Zentro Teknologikoa), zeinak motorraren egiturazko baliozkotzearen saiakuntzak egiten lagundu baitu, bai eta enpresa hauen parte-hartzea ere: Talleres Atondoa e Industrias Iname (mekanizatua egiteko), Cenasa S.L. (soldadurarako) eta Talleres Enpa (engranajeak zizelkatzeko). Gainera, NUPeko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoak (IITIGMET) eta 4.0 Industriaren Katedrak ere laguntza eman diete.
Diziplina anitzeko ikasle talde bat
Erronka horretan parte hartzen ari diren ikasleek azaldu dutenez, diziplina anitzeko proiektua da, eta, bertan, motoa diseinatzeaz, garatzeaz eta fabrikatzeaz gain, enpresa-proiektuaren garapen osoa ere egin behar da, hau da, benetako lasterketa-talde baten modura jokatu behar da antolaketari, baliabideen azterketari eta merkatuari dagokienez. “Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, bi aldiz atzeratu ziren entregak eta azken ekitaldia, eta horrek gure lan metodoa egokitzera behartu gintuen, baina ilusioz iritsi gara proiektuaren azken txanpara”, adierazi dute.
Hona hemen desafioan parte hartu duten ikasleak, zein gradu edo masterretakoak diren adierazita parentesi artean: Javier Iribarren López, Luis Mendivil Ayerbe eta Andrea Moreira Padrao (Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua), Rafael Barrio Huarte, Iñigo Lizarralde Gilcuartero eta Álvaro Zubiaur Urdanoz (Ingeniaritza Mekanikoko Gradua), Alejandro Echandi Minguez eta Iker Urquijo Recalde (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Gradua), Miguel Ángel Sánchez Sánchez (Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Gradua) eta Juan Chuliá Barriocanal, Iñaki Ojer Palacios, Juan Fermín Eguidazu Cuartero eta Borja Sáenz Idoate (Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra).
MotoStudent lehiaketa
MotoStudent, Moto Engineering Foundation fundazioak eta TechnoPark MotorLand parkeak sustatutakoa, bi urtez behin Espainiako eta Europako unibertsitateetako taldeen artean egiten den erronka bat da, lehiaketetarako motor baten prototipoa diseinatzea eta garatzea helburu duena, ikasleek benetako industria-proiektu bati aurre egin diezaioten.
Aurrerapenak neurtzeko, proiektuari buruzko dokumentazioaren zenbait txosten aurkezten dira, baita amaierako proba praktiko batzuk egin ere prototipo teorikoa eta erreala alderatzeko. Txosten horiek edizio bakoitzak irauten duen hiru seihilekoetan zehar entregatzen dira, eta diseinu eta fabrikazio prozesua zehaztu behar dute. MotorLand Aragón zirkuituko amaierako ekitaldian egiten diren proba praktikoen artean, proba estatikoak, segurtasun egiaztapenak eta abar egiten dira, baita pistako proba dinamikoak (azelerazioa, balaztatzea, ginkana) eta amaierako lasterketa bera ere.