Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Medikuntzako Graduko ikasleek “Medikuntza Integratua” irakasgaia daukate ikasturteko azkeneko bost asteetan. Irakasgai horretan, irakasleek planteatutako kasu klinikoei egin behar diete aurre (fikziozko kasuak, baina gertatzen ahal direnak), ikasturtean ikasitakoa integratuz eta praktikan jarriz, egiazko bizitzako egoeretarako prestatuak egon daitezen. Problemetan oinarritutako ikaskuntza-metodologia da, eta hori zer den azaltzen duen bideo bat prestatu dute ikasle eta irakasleek. 

zoom Medicina

Ikasleak, bideoko fotograma batean.

Tomás Belzunegui Medikuntzako Graduko dekanordearen esanean, helburua da ikasleek “medikuntzako profesionalen ikuspegia edukitzea, gauza izatea diziplinarteko taldeetan integratzeko eta kalitate oneko zerbitzu eraginkorra emateko, beren erantzukizun soziala bete dezaten, eta kontuan hartzea beren ingurune sozioekonomikoak eta kulturalak nolako ezaugarriak, beharrak eta aukerak dituen”. Horregatik, ikasleei planteatzen dizkieten kasuek ez dituzte osasuneko arazo fisikoak bakarrik izaten, baizik eta baita arazo psikosozialak eta, zenbaitetan, dilema etikoak ere. Ikasleek “gustuko dute irakasgaia, medikuntza zer den ikasten dute eta mediku izaten hastea nolakoa den ohartzen dira”, dio Manuel Murie irakasgaiaren arduradunak.  

Hipotesia, ikerketa eta ondorioak

Irakasleek kasua planteatzen dute; adibidez, norbait zerraldo erori da okindegian bere txanda iritsi zain zegoela, larrialdi zerbitzuek artatu dute, baina, azkenik, hil egin da. Gero, bi fase izaten ditu prozesuak. Lehenik, hipotesi bat edo batzuk planteatzen d(it)u ikasle taldeak; bigarrenik, aukerak ikertu, eta, bukatzeko, ondorioak ateratzen ditu, hau da, zer gertatu den, zer egiten ahal zen hobeki, zer egin beharko zuketen egoera horren lekuko izan zirenek. Azkenik, ondorio horretara iristeko zer bide egin duten azaltzen diete ikaskideei.  

Planteatutako kasuak eraginkorrak izan daitezen, honako hiru ezaugarri hauek bete behar dituzte, Murie irakasleak dioenez: egiazko kasuak izatea, praktika klinikoan gertatzen ahal direnak, ikasleen jakin-mina piztea, eta egokiak izatea ikasleek une horretan dituzten ezagupenetarako.