Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak herritarrentzako zientziako “Arga” proiektua sustatu du, bigarren hezkuntzako, lanbide heziketako eta ingurumen hezkuntzako ikasleei zuzendua, Iruñea zeharkatzen duen ibaiaren inguruan biodibertsitateari buruz duten ezagutza hobetzeko. Proiektua Iruñerriko Mankomunitatearekin lankidetzan egiten da, eta Mancoeduca ekimenaren bidez ingurumen hezkuntzako jarduerak gauzatzen ditu bigarren hezkuntzako ikastetxeekin. Orain arte, hamaika ikastetxek hartu dute parte, 4.954 behaketa egin dira eta 543 espezie identifikatu dira.

zoom Alumnas utilizando plataforma

Zenbait ikasle iNaturalist plataformaren aplikazioa erabiltzen.

Proiektua 2019an hasi zen, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak finantzatuta (CENEDUCA3-2019), baina koronabirusaren pandemiaren ondorioz bertan behera gelditu zen. 2020-2021 ikasturtean berriz jarri zen martxan, eta aurtengo irailean edo urrian bukatuko dela aurreikusten da, nahiz eta proiektua ikastetxeek, herritarrek eta ikertzaileek erabiltzeko moduan egonen den iNaturalist lankidetza-plataforman.

Esther Gonzalez García Landare Fisiologiako irakasle titularra eta Javier Peralta NUPeko herbarioaren arduraduna dira proiektuaren egile nagusiak. Iruñerriko Mankomunitatearen aldetik, Mancoeduca programako kide den Mar Garcíak hartzen du parte proiektuan. Gainera, masterreko eta doktoretzako zenbait ikaslek parte hartzen dute proiektuaren esparruan planifikatutako jardueretan.

Esther González irakasleak azaldu duenez, proiektuaren helburu nagusia “gazteek biodibertsitatearen eta ibaiaren kontzeptuari buruz duten ezagutza hobetzea” da, eta “ibai ekosistema horrek balio handiagoa hartzea etorkizuneko belaunaldientzat hiri ingurune gisa, ezagutu dezaten eta zaintzen ikas dezaten”. In situ behaketak herritarrentzako zientziaren arloko iNaturalist aplikazioa erabiliz egiten dira. Sakelakorako aplikazio hori baliagarria da biodibertsitatearen kontzeptua lantzeko derrigorrezko bigarren hezkuntzako curriculumaren barnean.

Orain arte parte hartu duten ikastetxeak honako hauek izan dira: Askatasuna BHI, Biurdana BHI, Nekazaritzako eta Basogintzako Ikastetxe Integratua, Burlata Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua, Calasanz ikastetxea, Barañain BHI, Ibaialde BHI, Julio Caro Baroja BHI, Padre Moret - Irubide BHI, Iparralde DBHI eta Paz de Ziganda Ikastola.

Ibilgua eta ibaiertzak

Proiektuaren esparru orokorra Arga ibaiaren ibilgua eta ibaiertzak dira, uretan gorago dauden Uharte eta Atarrabia udalerrietatik hasi eta beherago dagoen Barañaineraino, Iruñea zeharkatuz.

Parte hartzen duten ikastetxe adina azpiproiektu ditu “Arga” proiektuak, eta geografikoki definitutako beste lau gehitu zaizkio, hots, Arga ibai osoa hartzen duen bat eta ikastetxeek ibaira egiten dituzten irteeretan bisitatzen dituzten eremuei dagozkien beste hiru: San Andres errota, Magdalena zubia eta Barañaingo parkea.

zoom Alumnos

Batxilergoko ikasle talde bat argibideak jasotzen Arrosadiko campuseko floraren eta faunaren behaketa egin aurretik.

Parte-hartzaileek edozein talde taxonomikori buruzko behaketak egin ditzakete, bertako espezieei nahiz kanpotik ekarritakoei buruzkoak, eta interesa duen edonor batu daiteke proiektuetara. Orain arte, 4.954 behaketa egin dira eta 543 espezie identifikatu dira: gehienak (% 66,7) landareak izan dira, baita intsektuak (% 12,1) eta hegaztiak ere (% 7,3).

Herritarrentzako zientzia

Herritarrentzako zientzia herritarrek proiektu zientifiko batean parte hartzea eskatzen duen praktika da. Parte hartzeko, protokolo bati jarraitu behar zaio. Oro har, zientzialari profesionalek ezartzen dute protokolo hori, eta, haren barnean, datuak bildu, prozesatu, aztertu eta interpretatu eta emaitzak zabaldu behar izaten dira.

Testuinguru horretan, jarduera horri esker, ikasleek benetako zientzialari gisa parte har dezakete benetako proiektu batean, datuen bilketa, azterketa eta interpretazioa eta bestelako trebetasunak garatuz. “Gainera –azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek–, zientziarekiko harreman horri esker, lanbide hori hurbilagotik ezagutzen ahal dute, baita zientzialariei buruz askotan izaten den ikuspegi estereotipatua gainditu ere”.