“ACRONAVARRE” proiektua (ACtes ROyaux de NAVARRE, XV-XVI siècles), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) partaide izan duena, azken fasean dago jada, eta azaroaren amaieran Paueko gazteluan jarriko den “L’Art de régner” (Erreinatzearen artea) erakusketarekin bukatuko da, 2022ko otsailaren 27an. 2016an hasitako proiektu horren helburua Foix-Albret dinastiako Nafarroako erregeen-erreginek 1484tik 1594ra bitarte emandako agiri guztiak biltzea izan da.
NUPen aldetik, Isabel Ostolaza Elizondo (erretiroa hartu duen arte) eta Eloísa Ramírez Vaquero ikertzaileek hartu dute parte proiektuan. Egindako lanen artean, Nafarroako Artxibo Nagusiko pieza dokumentalak identifikatzeaz arduratu dira, funts horietako batzuei buruzko ikerketa zehatzak egin dituzte, doktoretzako eta masterreko mintegietako prestakuntza-ekintzetan parte hartu dute, eta, Eloísa Ramírezen kasuan, Paueko azken erakusketa prestatzen ari den taldeko kide ere izan da.
Eloísa Ramírez Vaquero Erdi Aroko Historiako katedraduna proiektuaren koordinazio zientifikoaz ere arduratzen da, eta, hark adierazi duenez, “proiektuari amaiera emanen dion erakusketa hau ibiltaria izan behar zen eta Iruñera joatekoa zen, baina, tamalez, COVIDaren pandemiak planak aldatzera behartu gaitu, eta Pauen bakarrik bisitatzen ahalko da oraingoz”.
Proiektuaren edukiari dagokionez, Eloísa Ramírezek azaldu du ezen, 1594. urtetik aurrera Parisen zeuden Nafarroako errege-erreginen dokumentazioa ongi antolatua egon eta lortzeko erraza izan arren, ez zela gauza bera gertatzen lehenagokoarekin, eta, beraz, XV. mendearen amaierako Nafarroako funtsetatik hasi behar zela lana, batez ere Iruñean (1512. urtera artekoak) eta Pauen gordeak daudenetatik. “ACRONAVARRE proiektuarekin deskribapen osoa egin da, eta “online” eskuratzeko moduan jarri da pixkanaka, eta, gainera, aldi horrekin lotutako hainbat alderdi instituzional eta politikotan oinarritutako ikerketen garapen sistematikoa lortu da”.


Joan III.a Albretekoa eta Katalina Foixkoa Nafarroako errege-erreginek emandako mandatua Frantziako erregeari Nemourseko dukerriaren gainean zin egiteko. 1512ko dokumentua, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboetan gordea, errege-erreginen eskuzko sinadurekin.
Aztergai izan diren 7.000 pieza dokumentalak Nafarroako errege-erreginek 1484tik 1593ra bitarte eman zituzten, hots, Katalina Foixkoa eta Joan III.a Albretekoa Nafarroako errege eta erregina eta Bearnoko bizkonde eta bizkondesa bihurtu zirenetik Henrike III.a Nafarroakoak Frantziako tronua eskuratu –Henrike IV.a Frantziakoa izenarekin–, eta bere arreba Katalina Borboikoak Bearno utzi zuen arte Frantziako gortera aldatzeko.
Frantziako Ikerketa Agentzia Nazionalak (ANR) espazioaren eta denboraren mugez gaindiko intereseko proiektutzat hartu zuen, Erdi Aroaren amaieratik Aro Modernora bitarteko garaia hartzen baitu eta konplexutasun politiko, sozial eta instituzional handiko urte haietako Nafarroako eta Frantziako errege-erreginak aztertzen baititu. Gainera, proiektuak historialari, artxibozain eta diplomazialarien arteko elkarlana ekarri du, eta aipatutako erakusketaren bidez amaituko da, proiektua publiko handiarengana helarazteko helburuz.
Erakunde parte-hartzaileak
Philippe Chareyre Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko irakasleak koordinatua, urte anitzeko proiektua izan da ACRONAVARRE (2016-2020), eta mugaz gaindiko eta diziplinarteko talde batek hartu du parte. 523.848 euroko aurrekontua izan du guztira, Frantziako Ikerketa Agentzia Nazionalak (ANR) finantzatua.
Aipatutako unibertsitatearekin batera, honako hauek hartu dute parte proiektuan: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Velázquez Etxea (Madril), École National des Chartes (Paris) eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboa (Paue). Gainera, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak laguntzen du (Nafarroako Gobernua), eta, zentro horietako ikertzaileez gain, doktoretza ondoko bi ikertzaile ditu kontratupean: Denes Harai, idazkari akademikoa eta gaur egun Historia Modernoko ikertzaile elkartua, eta Álvaro Adot, 2020ra arteko idazkari-ondokoa.
2017az geroztik, zenbait bilera eta hitzaldi egin dira proiektuaren kariaz, Pauen, Madrilen, Iruñean eta Parisen. Gaur egun, azken lanetako batzuk argitaratze fasean daude, eta, bitartean dokumentuak eta beren deskribapenak “online” eskuratzeko lanak amaitzen ari dira, Paueko eta Nafarroako artxiboen laguntzarekin; izan ere, proiektuari esker, eskuragarri jarri dituzte hainbat urtez landutako errege-funts horien irudiak eta katalogazioa.