Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) prestakuntza dualaren aldeko apustua egin du, hau da, alderdi akademikoa enpresetako lan jarduerarekin uztartzen du Ingeniaritza Informatikoko Unibertsitate Masterrean eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterrean, biak Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoan emanak (IITIGMET). Hezkuntza eredu horrek aukera ematen die ikasleei laneratze goiztiarra egiteko eta enpresari prestakuntza espezializatuagoa duen langile bat izateko.


Enpresa parte-hartzaileen ordezkariak, masterretako arduradunak eta IITIGMETeko zuzendaria, duela gutxiko bilera batean, NUPen. Ezkerretik eskuinera, atzeko lerroan: Ismael Ciordia, Milena Mariano (biak Openbravokoak), Javier Goicoechea (IITIGMETeko zuzendaria), Muskilda Pascualena (Veridas/Das-Nano) eta Carlos Ayensa (Ipar Telecomunicaciones). Hurrengo lerroan, ezkerrean: Jesús Izal (Nasertic). Ezkerretik eskuinera, aurreko lerroan: Rubén Anaut (Vitio), Mikel Sagues (Telekomunikazio Ingeniaritzako masterraren zuzendaria), Aránzazu Jurío (Ingeniaritza Informatikoko masterraren zuzendaria), Pablo Martínez (i3code) eta Fernando Ruiz (Sistemas OEE).
IITIGMETek adierazten duenez, informatikaren eta telekomunikazioen sektoreak gero eta pisu handiagoa dute Nafarroako enpresa sarean. Hala ere, bokazio goiztiarrik ez dagoenez, bereziki emakumeen artean, gero eta nabarmenagoa da profesionalen gabezia. Javier Goicoechea Fernández zuzendariak azaldu duenez, “sektorearen eskari handia dela-eta, enpresek gero eta ikasle gazteagoak hartzen dituzte, eta horrek, batzuetan, asmoa kentzen die masterreko ikasketak egiten jarraitzeko”. Horri gehitu behar zaio “masterreko prestakuntza duten profilen beharra izaten dutela enpresek berrikuntza teknologikoko proiektuei ekiteko, horiek markatzen baitute aldea merkatuan”, ondorioztatu du.
Formatu dualak enpresako lanaldi partzialeko kontratua eta praktikei dagozkien masterreko kredituen aitorpena jasotzen ditu, baita enpresan Master Amaierako Lana egiteko aukera ere. Enpresa hauekin ari da garatzen programa NUP: Nasertic, Tracasa, Veridas/Das-Nano, Openbravo, i3code, Sistemas OEE, Ipar Telecomunicaciones eta Vitio. IITIGMETek filosofia dual hori Eskolako beste master batzuetara hedatu nahi du, bereziki, industria ingeniaritzaren esparrura.
Masterren deskribapena
Ingeniaritza Informatikoko Unibertsitate Masterrak (90 ETCS kreditu) IKT proiektuak eta ekipoak zuzentzeko eta kudeatzeko, enpresa berritzaileak sortzeko eta produktu berriak garatzeko gaitzen du, eta aldi berean doktoretza programetarako sarbidea ematen du. Zenbait arlotako ezagupenak eskuratzeko aukera ematen du, hala nola konputazio banatua, big data, machine learning eta zibersegurtasuna. Masterrak ingeniaritza informatikoaren esparruko titulazioetarako Europako kalitate-ziurtagiria dauka (EURO-INF zigilua), eta Aránzazu Jurío Munárriz irakasleak du zuzendari, zeina IITIGMETeko zuzendariordea ere bai baita.
Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterrak ere 90 kreditu ditu, eta lanbidean aritzeko gaitzen du. “Datorren ikasturteari begira egindako berrikuntza sakon baten ondoren, masterrak irakaskuntza-metodologia berritzaileak ditu, hala nola proiektuetan oinarritutako ikaskuntza, zeinaren definiziorako eta garapenerako sektoreko enpresa nafarrak hartu baitira kontuan”, adierazi du Mikel Sagues García IITIGMETeko zuzendariordeak. Hala, ezagutzak eta gaitasunak lortzen dira esparru hauetan: sare optikoen eta sentsore-sareen diseinua, irrati-komunikazioak, ikusmen artifiziala, telematikoa, elektronika, seinale-prozesatzea edo machine learning-a. “Ondorioz, masterrak ateak irekitzen ditu diziplina arteko proiektuei ekiteko, ez bakarrik telekomunikazio-sare eta -zerbitzuei dagokienez, baita elektronikari, software-aplikazioen diseinuari eta antzeko eremuei dagokienez ere”, ondorioztatu du. Graduondokoak ingeniaritzentzako EUR-ACE kalitatearen europar ziurtagiria dauka.
“Bi masterretan harreman estua dutenez beren esparruko puntako ikerketa-taldeekin, egokiak dira, halaber, ikerkuntzako ibilbideari ekiteko doktoretza-tesi bat egin nahi dutenentzat ere”, ondorioztatu dute masterren zuzendariek.