Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Urpeko Jardueren Federazioa (FNDAS) lankidetzan aritu dira ikasturte honetan Fisioterapiako Graduko ikasleak urpean igeri egiteko trebetasunetan prestatuta egon daitezen eta urpeko terapia egin ahal izan dezaten desgaitasun funtzionala duten pazienteak errehabilitatzeko. Urpean igeri egiten irakasteko 10 laguntzaile eta irakaslek, zortzi fisioterapeutak eta Fisioterapiako Graduko 3. ikasmailako ikasle batek hartu dute parte prestakuntzan.

zoom Alumnos

Ezkerrik eskuinera, atzeko lerroan: Nerea Ulzurrun, Javier Gamero, Daniel Lanz, Lucas Jáuregui, Amaya Aguas eta Gema Sánchez; aurreko lerroan: Penélope Aguilar, Luis Javier Lizarraga eta Natalia Domínguez.

“Terapia horren berritasuna —azaldu du Ana Insausti Osasun Zientzien Saileko irakasleak eta jardueraren koordinatzaileak— hauxe da: pazienteak urpeko oxigeno-botila bat duela, eta, arnasa hartzeko burua beti uretatik kanpo eduki behar ez duenez, programatutako ariketetan jartzen ahal duela arreta osoa. Hori egiteko, tartean dauden osasun-profesionalek urpean igeri egiteko teknika menderatu behar dute, beren buruaz ahaztu eta arreta gaixoan jartzeko, beste edozein terapiatan egingo luketen bezala”.

Ikasturte honetan guztian zehar, Nafarroako Federazioko adituek fisioterapeutei lagundu diete igerilekuko prestakuntzan, eta ikasgelan ere jaso dute prestakuntza urpeko terapian. Ana Insausti irakasleak azaldu duenez, “helburua da fisioterapeuta eta terapeuta okupazionalei berariazko prestakuntza ematea, gaixoek errehabilitazioa urpeko ingurune batean jaso dezaten, oxigeno-botila baten laguntzaz, urpean igeri egitean bezala, baina kontrolatutako ingurune batean, hau da, igerilekuan”.

Guztira, ikasleek 230 prestakuntza-ordu baino gehiago jaso dituzte, eta horietatik 80 NUPeko kirol-instalazioetan eman dituzte, pazienteekin praktikak egiteko igerilekuan. Honako hauek ere lagundu dute prestakuntzan: Guardia Zibilak Logroñon duen Urpeko Jardueretako Talde Berezia (GEAS), IDM medical, OXIEN errehabilitazio hiperbarikoa, Buceo y Salud eta Urpeko Jardueren Espainiar Federazioa (FEDAS).

Errehabilitazioko profesionalek ur terapia edo hidroterapia erabili ohi dute pazienteak artatzeko. Hala, ur-inguruneak eskaintzen dituen propietate fisikoak aprobetxatzen dituzte, hala nola flotagarritasuna eta grabitaterik eza. Horiek ariketa fisikoa egitean artikulazioen gaineko inpaktua gutxitzen dute, eta gorputz-pisuaren euskarri dira. “Propietate horiek ingurune ezin hobea eskaintzen dute dibertsitate funtzionala duten pazienteen errehabilitazioa programatzeko”, adierazi du Insausti doktoreak.

Nerea Ulzurrun ikasleak, Javier Gamero, Daniel Lanz, Lucas Jáuregui, Amaya Aguas, Gema Sánchez, Penélope Aguilar, Luis Javier Lizarraga eta Natalia Domínguez fisioterapeutak; eta Haizea Erquicia eta Ana Santos terapeuta okupazionalek hartu dute parte ikastaroan.

Esperientzia metatua

2017an, NUPeko Ingeniaritza Saileko Tomás Ballesteros irakasleak urpekaritza inklusiboko jarduera batean laguntzeko aukera planteatu zien Fisioterapiako Graduari eta FNDAS federazioari. Diziplina anitzeko esperientzia bat izan zen, Tuterako Campuseko bi graduak elkartzen zituena: Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza eta Fisioterapia. Bi titulazioetako ikasleek elkarlanean jardun zuten urpekaritza inklusiborako material eta ariketak garatzeko, desgaitasunen bat duten pertsonei egokituak, eta gida izan litezkeenak dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako urpekaritza egiten duten irakasleentzat.

Orduz geroztik, aukera bat ikusi zen esperientzia, jarduera ludikoa izateaz gainera, errehabilitazio terapia egiteko lagungarri izan zedin. Hori dela eta egin da aurtengo ikasturtea.

Hala, maiatzaren 28an, bilera egin zen NUPen, balantzea egiteko eta prestakuntza hori urpeko hidroterapiako adituaren titulu bereki baten bidez eskaintzeko aukerak aztertzeko. Alde guztiak lanean ari dira. Testuinguru horretan, aldez aurretik hitzarmena sinatu zuten Urpeko Jardueren Espainiar Federazioak, haren lehendakari den Eduardo Centellesek ordezkaturik, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak..

zoom Sesión

NUPen egindako ekitaldiaren argazkia

Prestatzaile eta ikasleez gainera, paziente eta ahaideek hartu zuten parte jardunaldian. Ekitaldiari hasiera emateko, Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak ongietorri hitz batzuk esan zituen, eta, gero, Eduardo Centelles Alonso FEDASeko lehendakaria eta Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea mintzatu ziren. Rebeca Esnaola Bermejo Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak ere hartu zuen parte bideo baten bidez. Miguel Carabantes Rodríguez FNDASeko lehendakariak eta Ana M. Insausti Serrano irakasleak urpekaritza inklusiboko jarduera aurkeztu zuten, zeina NUPekin lankidetzan egin baita orain arte. Honako hauek ere hartu zuten hitza: Estíbaliz Zabalza Colmenero (ikastaroko parte-hartzailea), Luis López Lostal (pazienteetako baten ahaidea), Andrés Ilundáin Esquíroz, ADACENeko zuzendari nagusia (Nafarroako Garuneko Lesioaren Elkartea), Manuel Arellano Armisen, COCEMFEren lehendakaria (Desgaitasun Fisiko eta Organikoa duten Pertsonen Espainiar Konfederazioa); Gema Sánchez Márquez eta Amaia Aguas Ayesa (fisioterapeutak), Ana Santos (terapeuta), eta Jaime Beltán López, eta Alberto Hernández Girón (Guardia Zibilaren urpeko jardueretako talde berezikoa).