Joan eduki nagusira

Nafarroako Oroimen Historikoari buruzko Fondo Dokumentalak bere datu basea eguneratu du, Nafarroan 1950eko hamarkadan gertatutako gatazka sozialei eta errepresio gertaerei buruzko informazioarekin. Orain ate, 94 laguni buruzko informazioa bildu dute, eta horietatik 71k 1951ko udaberrian Iruñean egindako greba orokorrean sufritu zituzten errepresio neurriak. Hilabete honetan, hain zuzen, 70 urte beteko dira frankismo garaiko lehenbiziko greba orokor hartatik. Datu horiek guztiak kontsultatzeko moduan daude Oroimen Historikoaren Fondoaren webgunean

Hori dela eta, Oroimen Historikoaren Fondoak dei publikoa egin du 1950eko errepresio gertaeren lekuko izanez gero edo informazio osagarririk edukiz gero harremanetan jar dadin haiekin, dela fondo.memoriahistorica@unavarra.es helbide elektronikora idatziz, dela 948 169415 telefonora deituz. “Gauza jakina da askoz jende gehiagok sufritu zuela errepresioa 50eko hamarkadan”, esan dute Oroimen Historikoaren Fondoko ikertzaileek. “Jende horren lekukotasuna ezinbestekoa da frankismoko errepresioari eta giza eskubideen urraketari buruzko jakintzan sakontzeko”. 

Oroimen Historikoaren Fondoa sortzeko lankidetza-hitzarmena Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Parlamentuak sinatu zuten 2011n, eta Nafarroako Gobernuak ere finantzatzen du 2016az geroztik. Fernando Mendiola Gonzalo irakaslea da proiektuaren zuzendari zientifiko-teknikoa eta Nerea Pérez Ibarrola koordinatzailea. Ikerketa-taldea, berriz, errepresio frankistaren eta memoriaren politiken arloan espezialistak diren NUPeko historialari hauek osatzen dute: Emilio Majuelo Gil, Gemma Piérola Narvarte, Daniel Oviedo Silva, Esther Aldave Monreal, Imanol Satrustegui Andres eta Juan Carlos García Funes. 

zoom MemoriaHistórica

NUP.

1951ko greba  

Oroimen Historikoaren Fondoko ikertzaileek azaldu dutenez, 1951ko udaberriko egun batean, Iruñeko etxekoandreak bigarren zabalguneko merkatu berrira joan ziren beti bezala erosketak egitera, eta, ohartu zirenean arrautzen prezioa uste baino garestiagoa zela, 400-500 bat etxekoandrek manifestazio espontaneoa egin zuten Gobernu Zibileraino agintari frankistek ezarritako errazionamenduaren kontra eta oinarrizko gauzen garestitzearen aurka protestatzeko. Biharamunean, emakumeen elkartasunerako deiarekin bat eginez, Iruñeko fabrika eta lantegi nagusietako langileek lan-etenaldia eginen zutela iragarri zuten.

“Greba hark hankaz gora jarri zuen Iruñeko orduko normaltasuna, eta ustekabean harrapatu zituen agintari frankistak; izan ere, inork ez zuen espero halako tamainako protesta eginen zenik Iruñean, hain baitzen kontserbadorea eta erregimenaren aldekoa hiria”, azaldu dute Oroimen Historikoaren Fondoko ikertzaileek. “Errepresio indarrek ahal guztiz egin zuten protestarien kontra, eta suzko armez baliatu ziren protesta erreprimitzeko. Horren ondorioz, dozenaka lagun zauritu zituzten balaz, eta hirurehun bat lagun atxilotu zituzten, zeinak zezen-plazan eduki behar izan baitzituzten komisarian leku aski ez zegoelako. Nafarroako hiriburuan eta inguruko herriguneetan gertatu zen gatazka, eta ez zen bukatu maiatzaren 11ra arte”, esan dute azkenik ikertzaileek.