Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), bere Gizarte Ikerketa Aurreraturako Institutuaren bidez (I-COMMUNITAS), “Indarkeriara daraman erradikalizazioa: prozesua, prebentzioa eta geldiarazteko modua” izeneko nazioarteko jardunaldia antolatu du maiatzaren 26rako, asteazkena, 09:30etik 17:30era. Hitzaldiak Jerónimo de Ayanz Zentroko hitzaldi-aretoan izanen dira, NUPeko ikerketa-institutuen egoitzan, eta modu presentzialean (aforo mugatuarekin) eta “online” ere jarraitzen ahalko dira. Bi kasuetan, aldez aurretik izena eman behar da horretarako prestatutako formulario baten bidez.
Jardunaldiei hasiera emateko, honako hauek hartuko dute hitza: Juan Mari Sánchez Prieto NUPeko irakasle eta I-COMMUNITASeko zuzendariak, Óscar Alba Ramos Sindiéresis argitaletxeko zuzendariak eta Nafarroako Gobernuko ordezkari batek. Jardunaldian, zenbait erakunde ofizial, elkarte eta unibertsitatetako hainbat adituk hartuko dute parte.
Edukiari dagokionez, indarkeriara daraman erradikalizazioa nolakoa den aztertuko da lehen partean, fenomenoa argitzen duten ikuspegietatik; bigarren parteak izanen du kutsu nazioartekoena (ingelesez emanen da), eta prebentzio-programak aztertuko ditu; azken atala, berriz, deserradikalizazioari buruzkoa izanen da. Besteak beste, honako kasuak aztertuko dira: terrorismo jihadista, El Salvadorreko marak, Kolonbiako erradikalizazioa, ETA, CDRak, musulmanen aurkako Alemaniako gorroto-diskurtsoa, Erresuma Batuko auzo txirotuetako indarkeria eta Txetxeniako, Azerbaijaneko eta Bosniako kasuak. Rogelio Alonsok emanen dio itxiera jardunaldiari, “terrorismoaren arloan Espainiako eta nazioarteko erreferente handienetako batek”, antolatzaileen hitzetan. Programa osoa Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal da.
Interakzioa, dibulgazioa eta lankidetza helburu
Nazioarteko jardunaldiak hiru helburu ditu, antolatzaileen arabera. Lehenbizikoa indarkeriara daraman erradikalizazioarekin lotutako eremuan dihardutenen diskurtsoa eta praktika aberastea da, esparru horretan lan egiten duten adituen, eragileen eta erakunde zibilen arteko interakzioaren bidez. Horri dagokionez, teoria eta praktika uztartuko dira.
Bigarrenak dibulgazioarekin du zerikusia. “Ikuspegi komunitarioak behar dira indarkeriara daraman erradikalizazioari benetan aurre egiteko, hau da, pertsona askok lagundu behar dute erresilientzia-baldintzak sortzen eta harekin erlazionatutako fenomenoak garaiz detektatzen”, adierazi dute. Azkenik, hirugarren helburua da “ahalegina egitea arlo honetako proiektu europarrekin elkarlanean aritzeko balioko duen sare nazional eta internazional bat indartzeko”, erantsi dute.