Óscar López-Ramallal, Aitor Saralegui Melero (biak NUPeko egresatuak) eta Joaquín Moneo Tirapu NEXUS Domótica proiektuaren arduradun eta ekintzaileak izan dira Explorer “Ideiak dituzten gazteak” programaren XI. edizioaren irabazleak Foru Komunitatean. Programak gazteen talentua, espiritu ekintzailea eta ideia berritzaileen sorkuntza sustatzen ditu. Proiektu irabazleak era guztietako pertsonek erabiltzen ahal dituzten domotika integraleko zerbitzuak eskaintzen ditu. Saria hiru asteko prestakuntza da European Innovation Academy-n, eta, proiektu irabazleaz gain, beste bi nabarmendu ziren: “SeeVolc”, Patricia Alegría Cíarena, eta “Douliner”, Alberto Chamorro Okoniewskarena.
Irabazleak eta epaimahaikideak. Lehen lerroan, ezkerretik eskuinera: Óscar López-Ramallal (talde irabazlearen ordezkaria), Lucía Nieto (LUCE-CEIN), Cristina Bayona errektoreordea, Inés Abendaño (Banco Santander), Patricia Alegría (bigarren sailkatua) eta Alberto Chamorro (hirugarren sailkatua). Bigarren lerroan, programako gainerako parte-hartzaileak eta koordinatzailea. Ezkerretik eskuinera: Andrea Ávila, Paula Anzola (koordinatzailea), Angélica Bustos, Raúl Puigbó, Javier Lasheras, Asier Bendorio eta Miguel Lucas.
Explorer ekimena Banco Santanderrek bultzatzen du, Santander Unibersidadesen bitartez, eta Santander Ekintzailetza Nazioarteko Zentroak (CISE) koordinatzen du, Santander X ekimen globalaren esparruan. Sarirako proiektuak aurkezteko ekitaldiak amaiera eman zion programaren 2021eko edizioari NUP Explorer Space-n. Programa 2016. urteaz geroztik dago abian, eta aurtengo edizioko hamabi proiektuen sustatzaileek laguntza, aholkularitza eta prestakuntza jaso dute azken lau hilabeteetan, Nafarroako erakunde akademikoaren laguntzari esker.
Termoelektrizitatea eta sumendiak eta paketeak dronen bidez
Aurkezpen ekitaldian, beste bi proiektu ere aitortu ziren, esan denez. Hala, bigarren postua Patricia Alegría Cía NUPeko ekintzaile eta ingeniariarentzat eta bere SeeVolc proiektuarentzat izan zen. Proiektu hori unibertsitateko bere doktoretza-ikasketekin lotuta dago, eta sorkuntza termoelektrikoaren irtenbide teknologiko bat eskaintzen du zaintza bolkanikorako. Gogoratu behar da Patricia Alegriak irabazi zuela, gainera, master modalitatean, ekintzailetzako ikasketa-amaierako lanen azken edizioa. Duoliner enpresako Alberto Chamorro Okoniewskarentzat izan zen hirugarren postua; Dronen bidez paketeak presaz garraiatzeko zerbitzua eskaintzen du.
Honako hauek osatu zuten epaimahaia: Inés Abendaño Barcos, Banco Santanderreko Nafarroako Erakundeekiko Harremanetarako zuzendaria; Cristina Bayona Sáez, NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; eta Lucía Nieto Sádaba, CEINeko teknikaria (Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroa) eta LUCEko koordinatzailea (Enpresak Sortzeko Unibertsitate Laborategia).
Santander eta CISE
Banco Santander 'Change the World' 2018 rankingean sartuta dagoen Europako banku bakarra da. Gizartean duten eragin positiboagatik (beste irizpide batzuen artean) mundua hobetzen laguntzen ari diren enpresak sartzen dira ranking horretan (Fortune aldizkaria). Santander Universidadesen bitartez gauzatzen du goi mailako hezkuntzaren alde duen konpromiso trinkoa. Konpromiso horrek mundu osoan hezkuntzan gehien inbertitzen duen enpresa gisa nabarmendu zuen Banco Santander (Varkey txostena / UNESCO / Fortune 500), eta bere nortasunaren ezaugarrietako bat bihurtu da; izan ere, 1.200 lankidetza hitzarmenetik gora egin ditu 20 herrialde baino gehiagotako unibertsitateekin, 1.700 milioi euro baino gehiago eman ditu ekimen akademikoetarako 2002. urtetik eta 73.000 beka eta laguntza baino gehiago eman ditu 2018. urtean, pertsonek, enpresek eta gizarteak aurrera egin dezaten laguntzeko xedez.
Bestalde, CISE zentroak espiritu ekintzailea sustatzen eta “start-up”en sorrera bultzatzen du herrialde osoan. Banco Santanderren, Kantabriako Unibertsitatearen eta Kantabriako Gobernuaren laguntzarekin, askotariko programak jartzen ditu martxan sormena eta enpresen sorkuntza akuilatu eta berrikuntza sustatzeko.