Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri duen doktoretza-tesian, Pablo Álvarez Indave bideetako ingeniariak zehaztasunez aztertu du nola erabiltzen ahal den “big data” (makrodatuak edo datuen adimena) hiriguneetan salgaiak banatzeko modua hobetzearren. Bere ikerketan, Iruñeko alde zaharraren kasua aztertu du, agertoki desberdinak simulatuz, eta egiaztatu du ezen, “furgoneten ordez triziklo eta bizikleta elektrikoak erabiliko balira, banaketaren denbora % 45 murriztuko litzatekeela, baita urtean 500 tona CO2 gutxiago isuri ere”.
Pablo Álvarez Indavek Amazonek Luxenburgon dituen bulego zentraletan egiten du lan gaur egun, non Europako logistikako proiektu estrategikoez eta, bereziki, azken miliako banaketa hobetzeaz arduratzen baita. Ingeniariak azaldu duenez, “prezioen gerra “online” izaten den arren, bezeroa asebetetzeko azken borroka kaleetan egiten den banaketan irabazten da, azken milian, bezeroek gero eta azkarrago nahi baitituzte beren produktuak”.
Francisco Javier Faulin Fajardo NUPeko Estatistikako eta Ikerketa Operatiboko katedradunak gidatu du doktoretza-tesia, “Modelling and simulation techniques for transport networks within urban areas applied to logistics and resilience” izenekoa, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Egileak azaldu duenez, hiriguneetan salgaiak banatzeko ibilbideak erabakitzeko erabiltzen diren ikuspegiak ez dira asko aldatu azken hamarkadetan. “Ibilbideak optimizatzeko, logistikako enpresa gehienak esperientzian edo intuizioan oinarritzen dira oraindik ere, edo distantzia edo bidaiaren denbora bakarrik kontuan hartzen duten algoritmoetan. Arazoa da forma horiek ez direla egokiak hiri adimendunen testuinguruan; izan ere, gure hirien urbanizazio maila gero eta handiagoarekin, ibilgailuen pilaketa arazo handia bilakatzen ari da azken miliako banaketa egin behar duten enpresentzat”.
Datuak denbora errealean
Gainera, “online” erosketen bultzadak ere izan du eragina, eta ibilbidea denbora errealean planifikatu behar da orain, trafikoaren benetako baldintzak (pilaketak, istripuak, itxitako bideak, etab.) eta eskariaren dinamismoa kontuan hartuta egokitu behar baita. “Ibilbideen optimizazioa hobetzeko “big data” teknologiak dauden arren, logistikako enpresa asko ez daude oraindik aro berri honetara egokituak. Eta denbora errealeko plangintzaren gabezia horrek COVID-19aren krisialdian izan du adierazgarririk handiena; izan ere, egun batetik bestera auzoak, zonaldeak eta hiriak itxi egin dira, eta “online” erosketak izugarri ugaritu dira”.
Ibilbideak optimizatzeko metodoak aztertu ditu Pablo Álvarezek, eta metodologia berri bat aurkeztu du. Bertan, denboraren araberako eredu dinamiko bat erabili du “banaketarako ibilbideak optimizatu ahal izateko, hala nola Google Mapsen denbora errealeko datuak erabiliz une horretan zer-nolako trafikoa dagoen jakiteko”.
Ibilbideak optimizatzeko modu horren bidez –trafikoaren kondizio dinamikoak aztertuta, hala nola pilaketak, istripuak eta abar–, egiaztatu da ezen, ibilbideak aldez aurretik planifikatzen dituzten metodo tradizionalekin alderatuta, bidean emandako denbora % 11 murrizten ahal dela, eta, ondorioz, garraioko eta logistikako enpresek diru asko aurrezteko aukera dutela.
Ziklologistikaren garrantzia
Gainera, “enpresentzat ez ezik, udalentzat eta erakunde publikoentzat ere baliagarria da metodologia hori, hiriko merkantzien banaketaren inguruko garraio-politikak aztertzen ahal baitituzte hari esker”.
Testuinguru horretan, tesiaren egileak Iruñeko alde zaharraren kasu zehatza aztertu du, eta hainbat agertoki simulatu ditu, jakiteko, adibidez, zein izanen litzatekeen merkantzien hiri-finkapenerako zentro bat abian jartzeko tokirik onena, nola eraginen liekeen banaketako enpresei eremu jakin batzuk oinezkoentzat jartzeak, edo trizikloen bidezko banaketak logistikako enpresentzat onurarik izanen ote lukeen benetan. Hala, egiaztatu duenaren arabera, furgoneten ordez triziklo eta bizikleta elektrikoak erabiliko balira (ziklologistika), bidean emandako denbora % 45 murriztuko litzateke.
“Emaitza hori beste leku batzuetan lortutakoen antzekoa da. Adibidez, Berlinen (Alemania), erakutsi da banaketa bizikletetan eginez gero denboraren % 58 aurrezten ahal dela, eta Grenoblen (Frantzia), bestalde, egiaztatu da ziklologistikak % 55 murrizten dituela banaketa-denborak”. Gainera, egileak kalkulatu duenez, eredu horri esker eta banaketa jasangarriaz baliatuz, Iruñeko alde zaharrean 500 tona CO2 gutxiago isur litezke urtean. “Ziklogistika eta banatzeko modu jasangarri berriak dira gure hirientzako etorkizun posible bakarra”, ondorioztatu du.
Curriculum vitae laburra
Pablo Álvarez Indavek Bideetako Ingeniaritza egin zuen Alacanteko Unibertsitatean, Garraio Ingeniaritzako Masterra Leedseko Unibertsitatean (Ingalaterra) eta Industria Zientzietako eta Teknologietako doktoretza NUPen. 8 urteko esperientzia profesionala du garraioko eta logistikako proiektuak gidatzen. Erresuma Batuan 3 urte baino gehiago eta NUPen urtebete egin ondoren, gaur egun 3 urte eta erdi darama Amazonek Luxenburgon dituen bulegoetan. Manager gisa, Europako logistikako proiektu estrategikoez arduratzen da, bereziki azken miliako banaketa hobetzeko moduaz.