Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Josenea Bio gizarteratze enpresak hitzarmen bat sinatu dute jarraipena ematearren 2018an hasitako lankidetzari. Elkarlan horri esker, “Tokian tokiko hondakin organikoen bioekonomia zirkularra, alderdi sozial eta prestakuntzakoekin” izeneko proiektu pilotua dute martxan, eta zenbait jarduera egin dituzte proiektu horren barnean. 

zoom Firmantes

Hitzarmenaren sinatzaileak. Ezkerretik eskuinera, Inazio Irigoyen, Begoña Pérez eta Jesús Cía.

Irunberrin dago kokatua ekimena (Nafarroa), eta hondakin organikoak kudeatzeko eta berriz aprobetxatzeko proiektu berritzaile bat da: lehenik, hondakinak bildu eta konpostatuz tratatzen dira, eta, gero, ongarri gisa berrerabiltzen dira. Proiektuan, Maestro Compostador eta LUAR Ingurumena aholkularitza-enpresekin ari dira elkarlanean NUP eta Josenea Bio enpresa. Gainera, Landa Garapeneko Europako Sarearen Rural Inspiration Awards sarietako bat irabazi du berriki ekimenak (ENRD sarearena) “Etorkizun erresilientziazkoak” kategorian.

NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreorde Begoña Pérez Eransusek eta Josenea Bio enpresaren zuzendari Jesús Cía Asenciok sinatu dute hitzarmena, gorago esan bezala elkarlanari jarraipena ematen diona. Nekazaritzako, Bioteknologiako eta Elikadura Saileko Inazio Irigoyen Iriarte irakaslea ere izan zen hitzarmena sinatzeko ekitaldian.

Bioekonomia zirkularreko beste ekintza batzuk NUPen

2018az geroztik, zenbait prestakuntza-ekintza egin dira NUPen biohondakinen konpostajearen inguruan, Josenearekin garatzen ari den proiektuarekin batera. Azken urteotan, ikastaro praktiko batzuk egin dira udalerriko hondakin organikoak konpostatzeko instalazioak behar bezala kudeatzen irakasteko, eta udako ikastaroak eta dibulgazio ekimenak ere antolatu dira. 

Bestalde, aipagarria da “Arrosadia Living Lab” izeneko proiektua, 2019an martxan jarria, jasangarritasunari eta ekonomia zirkularrari buruzko ikaskuntza eta ikerketa sustatzearren herritarren zientziako eta ingurumeneko boluntariotzako jardueren bidez. Proiektu horretako jarduera azpimarragarrienetako bat “CaMPusTAJE” izenekoa da: NUPeko jantokiko hondakin organikoak eta lorategiko inausketa-lanen hondarrak ongarri bihurtzen dituzte ikasleek campusetik atera gabe. “Hala, ikasleek ikasi bitartean lagundu egiten dute NUPeko sukalde eta lorategietako hondakinen kudeaketa hobetzen”, azaldu du Inazio Irigoyen irakasleak. 

Aipatu beharra dago, gainera, proiektu hori lagungarria izan dela Times Higher Education erakundearen Garapen Jasangarriaren Helburuen nazioarteko sailkapenean NUPek zuen posizioa hobetzeko. Zehazki, GJH2 kategorian (“Goserik ez”), hau da, zakarretara botatzen den janari kantitatea murriztea baloratzen duen kategorian, munduko seigarren unibertsitatea da orain NUP