Joan eduki nagusira

Ana Aznárez Ibáñez eta Nerea Arizala Amadoz Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erizaintzako Graduko egresatuek 6. eta 39. lanpostuak lortu dituzte, hurrenez hurren, Barneko Erizain Egoiliarraren (EIR) azterketan. 2021eko edizio honetan, 1.683 ikaspostu eskaini ditu Espainia osorako. Bi erizainek erizaintza pediatrikoko espezialitatea egin nahi dute.

zoom Ana

Ana Aznárez, NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean

Ana Aznárezek (Iruñea, 1997) Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) egin zituen Iruñeko Jaso Ikastolan, eta Batxilergoa Iturrama BHI ikastetxean. NUPeko Erizaintzako Gradua 2019an amaitu zuen, eta nabarmentzekoa da graduaren izaera praktikoa, jasotako prestakuntzaren kalitatea eta, ikuspuntu pertsonaletik, ikasketetan egindako lagunak. Gainera, erizaintzaren arloan espezialitate gehiago ezagutu beharra dagoela adierazten du, eta horrek, bere ustez, zainketen kalitatea hobetuko luke, eta, beraz, “lehenengo onuraduna pazientea izango litzateke”.

zoom Nerea

Nerea Arizala, NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean

Nerea Arizalak (Tafalla, 1997) Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) egin zituen Tafallako Garcés de los Fayos Ikastolan, eta Batxilergoa Iturrama BHI ikastetxean. 2019an amaitu zuen NUPeko Erizaintzako Gradua. Bere kasuan, jasotako prestakuntzaren izaera praktikoa ere nabarmentzekoa da: “praktika-aldi nahiko luze eta osoak ditugu, eta horietan ikasten dugu gehien; zazpi arlotan ibiltzen gara, arreta espezializatuko zerbitzuetatik hasi eta arlo soziosanitarioko eta oinarrizko arretako zerbitzuetaraino”, adierazi du. Halaber, bere ikaskidearekin bat etorri da erizaintzako espezialitateak aitortzeko premia azpimarratu behar dela.

EIR azterketa

EIR azterketa (Barneko Erizain Egoiliarra) erizainek gainditu behar duten Espainiako mailako oposizioa da Espainiako Osasun Sistema Nazionalean prestakuntzako espezialista izateko lanpostu bat lortzeko. Sei espezialitate daude aukeran, eskainitako lanpostuak adierazita: familia- eta komunitate-erizaintza (687 lanpostu), erizaintza ginekologikoa eta obstetrikoa (emagina), 412 lanposturekin, osasun mentaleko erizaintza (255), erizaintza pediatrikoa (201), erizaintza geriatrikoa (66) eta laneko erizaintza (62).

Azterketak test motako 185 galdera ditu (175 galdera gehi 10 ordezko), eta ez dago gai-zerrenda ofizialik. Espezialitatea aukeratzerakoan, azterketaren notak puntuazio osoaren % 90 hartzen du, eta beste % 10 Erizaintzako titulazioan lortutako espediente akademikoa da.