Nafarroako Unibertsitate Publikoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen atzo Barañain, Valle del Ebro (Tutera), Plaza de la Cruz (Iruñea) eta Ribera del Arga (Azkoien) Bigarren Hezkuntzako institutuekin, Ikerketako Batxilergoko programetako ikerketari lotutako jardueren garapena bultzatzeko. Akordioak 4 urteko indarraldia izanen du, eta aurreikusten da Batxilergoko modalitate hori duten beste institutu batzuk ere atxikitzen ahalko zaizkiola.
Ezkerretik eskuinera, Luis Basarte Lorente (Ribera del Arga BHI), Luis Alberto Andía Celaya (Barañain BHI), Izaskun Ciriza Aramburu (Valle del Ebro BHI), Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea, Mª Jesús Gastesi Ulzurrun (Plaza de la Cruz BHI), Gil Sevillano González, Hezkuntzako zuzendari nagusia, eta Inma Farran Blanch, Irakaskuntzako errektoreordea
Akordioa Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak eta lau institutuetako ordezkariek sinatu zuten: Alberto Andía Celaya (Barañain), Izaskun Ciriza Aramburu (Valle del Ebro), Mª Jesús Gastesi Ulzurrun (Plaza de la Cruz) eta Luis Basarte Lorente (Ribera del Arga).
Testuan, argi eta garbi adierazten da nolako borondatea eta konpromisoa duen NUPek Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako institutuekin lankidetzan aritzeko. Izan ere, institutu horien helburua “pentsamendu zientifikoa eta ikerketa-lana sustatzea da, baita talde-lanaren balioak eta bikaintasuneko prestakuntza bultzatzea ere”.
Testuinguru horretan, bereziki garrantzitsutzat jotzen dira Ikerketako Batxilergoa sustatzeko hezkuntza-programak bultzatzearren institutuek abiarazi dituzten ekimenak, “Batxilergoko ibilbide arrunten osagarriak eta ikerketa-jardueraren ezagutzan eta garapenean sakontzeko tresna egokiak izan daitezen”.
Hartutako konpromisoak
Akordioaren arabera, NUPek erraztasunak emanen dizkie ikasle horiei Iruñeko eta Tuterako campusetan ikerketa-lanak egin ditzaten, batez ere laborategietan, ikasgela tematikoetan eta arlo horrekin lotutako instalazioetan. Unibertsitateko irakasleek kanpoko ebaluatzaile profesional gisa hartuko dute parte ikasleek egiten dituzten ikerketa-proiektuetan, dela zuzenean (epaimahaietan parte hartu, ebaluazioa egin, etab.), dela zeharka (aholkularitza, zalantzak argitu, etab.), Nafarroako Unibertsitate Publikoan erabilgarri dauden baliabideen eta instalazioen arabera.
Unibertsitateak konpromisoa hartu du, halaber, ikerketa berriak proposatzeko eta garatzen diren baterako jardueren zabalkundea eta ezagupen publikoa sustatzeko, baita institutuetako irakasleentzako ikastaro espezifikoak bultzatzeko ere, ikerketarekin lotutako jardueretan hitzarmenaren babespean.
Bestalde, akordioa sinatu duten institutuek konpromisoa hartu dute ikerketako eta hezkuntza-berrikuntzako baterako proiektuak bultzatzeko, irakasleen eta profesionalen artean lankidetza eta harremanak ezarri ahal izateko. Era berean, Ikerketako Batxilergoan matrikulatutako ikasleen ikerlana sustatuko dute, ikerketa-proiektua garatzeko beharrezkoak diren baliabideak, ezagutzak eta materialak emanez (prestakuntza, orientazioa, gainbegiratzea, material suntsikorra, etab.). Halaber, Ikerketako Batxilergoarekin lotutako jarduera akademikoak behar bezala garatzeko beharrezkoa den informazioa emanen diote NUPi.