Joan eduki nagusira

Iruñeko Arrosadia auzoan bizi diren 25 gazte migratzailek Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Iruñeko Udalak antolatutako prestakuntza-programa bat bukatu berri dute. Aukera izeneko proiektua Unibertsitatearen instalazioetan egin da, eta parte-hartzaileen garapen integrala eta erabateko inklusioa du helburu, gaitasun pertsonalak eta sozialak eskuratuz eta jarduera fisikoa eginez.

zoom Aukera

Aukera proiektuko gazte migratzaileak, gizarte-laguntzaileekin eta NUPeko Gizarte Ekintzako langileekin batera.

NUPen Gela Osasungarrian egin dira prestakuntza-jarduerak 2020ko azarotik 2021eko apirilera, eta hainbat tailer eta saio izan dira. Lehenik eta behin, Nafarroako testuinguru sozial, kultural eta historikoan kokatu zituzten gazteak, eta, ondoren, harremanen eta pertsona arteko gaiei heldu zieten: erlazio afektibo-sexualak, emozioen kudeaketa, komunikazioa eta gatazken konponketa, bizi-ohitura osasungarrien sustapena eta loaren higienea. Gainera, kulturartekotasuna ere landu dute gazteek, Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleen eta NUPko ikasleen laguntzaz.

Jarduera fisikoari dagokionez, helburua ez zen soilik kirola egitea, baizik eta taldearen kohesioa lortzea eta kirola motibazio-iturri bihurtzea zailtasun-egoerak bizi dituen kolektibo batentzat. Horretarako, oinarrizko entrenamendu fisikoa, futbola eta jarduera anitzeko saioak egin ziren NUPen kirol instalazioetan. 

Bi entitateek sinatutako hitzarmena eta hartutako konpromisoak

Aukera proiektua Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak eta Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuen, Komunitate Ekintzaren eta Kirolen Arloak sinatutako hitzarmen bati esker egin da, Gizarteratze Programaren bidez zehatz-mehatz. Programa horretan, ahulezian egoteagatik gizarte-bazterketako egoeran dauden edo egon daitezkeen pertsonei eta familiei laguntzen zaie. 

Bestalde, NUPek ere konpromisoa hartua du prestakuntzaren eta ikerketaren bidez desafio sozialak konpontzen laguntzeko, Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren bitartez, hots, kohesio soziala eta berdintasunezko bizikidetza hobetzen laguntzen duten erantzunak emateko. Zehazki, Gizarte Ekintzako Unitateak, errektoreordetza horren mende dagoenak, kulturartekotasuna eta egoera ahulenean dauden kolektibo sozialen inklusioa sustatzeko proiektuak ditu bere jarduera-ildoen artean. 

Aukera proiektua, gainera, bat dator Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendaren helburuekin, zeinak Nazio Batuen Erakundeak (NBE) onetsi eta Espainiako Gobernuak sinatu baitituzte: pertsonen berdintasuna lortzea, Lur planeta babestea eta oparotasuna ziurtatzea. Zehazki, 10. eta 17. helburuetan kokatua dago Aukera programa, hau da, desberdintasunak murriztea eta helburuak erdiesteko aliantzak egitea, hurrenez hurren.

Unibertsitateak jarduerak egiteko azpiegitura eman du, eta irakasleen eta ikasleen esku-hartzea koordinatu du. Iruñeko Udalak, berriz, prestakuntza-programa diseinatu du NUPen laguntzarekin, eta parte hartu duten gazteei laguntza indibiduala eta soziala eman die.