Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Jaime Brunet Fundazioak hiru dirulaguntza emateko deialdia egin du COVID-19a dela-eta premian daudenentzat, eta Itxaropenaren Telefonoa, Artzain Onaren Laguntzaileak-Villa Teresita eta Gizakia-Herritar Paris 365 Fundazioa gobernuz kanpoko erakundeak izan dira onuradunak. 

zoom UPNA

NUP.

Laguntza ekonomikoak, bakoitza 10.000 eurokoa, Nafarroan gutxienez bi urtez lan humanitarioa egiten duten erakundeentzat dira. Jaime Brunet Fundazioak giza eskubideak defendatzeko eta babesteko egiten duen lanarekin bat etorriz, koronabirusaren pandemiak eragindako egungo egoera sozioekonomiko larria arintzen laguntzea du helburu.

Jaime Brunet Fundazioa kultur fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta hauek ditu helburuak: giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea.

Erakundeen lana eta laguntzen xedea

Itxaropenaren Telefonoaren Nazioarteko Elkartea gizarte ekimeneko elkartea da (ASITES), osasun emozionala sustatzen du, eta krisi indibidual, familiar edo psikosozialeko egoeran daudenei laguntzen espezializatua dago. Nafarroako bere instalazioak hobetzeko erabiliko du dirulaguntza, eta bere 50. urteurrenarekin zerikusia duten jardueretan. Hartara, aurrera eginen du bere eginkizunarekin, lana areagotu egin baitzaie koronabirusaren krisiaren ondorioz. 

Bestalde, Artzain Onaren Laguntzaileak - Villa Teresita deritzona irabazi-asmorik gabeko eta ideario kristauko elkarte bat da, esparru nazionalekoa, eta gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeak, prostituzioan dabiltzanak eta sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima direnak babesteko, aurrera egiten laguntzeko eta birgizarteratzeko egiten du lan generoaren eta giza eskubideen ikuspegiarekin. Pandemiaren ondorioz, hirukoiztu egin da GKE horren lana, eta laguntza ekonomikoa egoera horietan dauden emakumeei laguntzeko eta haien oinarrizko beharrak asetzeko erabiliko du. 

Hirugarrenik, Gizakia Herritar-Paris 365 Fundazioa, gizarte-justiziaren eta giza eskubideen arloan lan egiten duen erakundea da, eta gizartetik baztertzeko arriskuan edo egoeran dauden pertsonak eta familiak erabat gizarteratzen laguntzeko helburua du. Zehazki, larrialdietarako baliabide bat da bere jantokia, pobrezia-egoeran dauden eta behar bezala elikatu ezin direnak elikatzea helburu duena. Dohaintzak lagundu eginen die beren jarduerak finantzatzen; dirulaguntzari esker, beste elikadura-zerbitzu batzuk emanen dituzte (zopa beroko zerbitzuak eta oinarrizko saskiak) eta, azken batean, COVID-19ak eragindako krisiak areagotu dituen desberdintasunak murrizteko baliatuko dute.

2017ko Jaime Brunet Saria

Jaime Brunet Romerok (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, 1992) eman dio izena Fundazioari. Brunet Zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Seme-alabarik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurkako sentimenduek bultzatuta, bere ondarea oinordetzan uztea erabaki zuen, bi helbururekin: batetik, hiltzean bere izena izanen zuen fundazio bat sortzeko, eta, bestetik, giza eskubideen alde egindako lanagatik aintzatespena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Horrela, Jaime Brunet Romero fundazioa sortu zen, egoitza NUPen duela, hark testamentuan adierazitako nahiari jarraikiz.

Jaime Brunet fundazioa kultur fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta hauek ditu helburuak: giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea.

Urtero, fundazioak hiru sariren deialdia egiten du: Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria, giza eskubideen defentsa sustatu eta hedatzeko, eta giza duintasunari lotzen zaizkion eskubideen gainetik jartzen diren egoera eta tratu krudelak edo iraingarriak behingoz amai daitezen laguntzeko; Doktoretza Tesien Jaime Brunet Saria, giza eskubideekin eta horien defentsarekin eta sustapenarekin harreman zuzena duen oinarrizko ikerketa-edukia landu duten doktoretza-tesiak saritzen dituena; eta Jaime Brunet Unibertsitate Saria, aipatutako gai horiek landu dituen unibertsitateko ikasle baten lana nabarmentzen duena urtero (gradu eta master amaierako lanak).