Joan eduki nagusira

Ramón Gonzalo García Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak eta Ana Burusco Juandeaburre Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko zuzendari nagusiak emakumeen artean STEM bokazioak sustatzeko lankidetza-hitzarmena berritu dute. Hitzarmenaren bidez, 25.000 €-tik 44.000 €-ra igoko da hitzarmenean jasotako trebakuntza-jarduerak egiteko dirulaguntza, ikasleen eta, bereziki, emakumeen bokazio zientifiko-teknikoak bultzatzen segitu nahi baitute. Gurutze Pérez Artieda NUPeko Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendaria ere izan da lankidetza-hitzarmena sinatzeko ekitaldian.

zoom Sinatzaileak

Ezkerretik eskuinera: Ana Burusco Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko zuzendari nagusia eta Gurutze Pérez Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendaria

STEM proiektuaren barrenean eginen dira jarduerak, hots, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak eta NUPeko Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak elkarrekin antolatutako proiektu batean. Proiektuan, besteak beste mentoretza-programak eginen dira Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, emakume zientzialarien ahalduntzea bultzatuko da unibertsitateko azkeneko ikasmailetan, eta emakumeen bokazio zientifikoekin lotutako jarduerak eginen dira.

Zehazki, NUPeko zientzietako eta ingeniaritzetako titulazioetako emakumezko zenbait ikertzailek lantegi esperimental teknologikoak eginen dituzte ikastetxeetan, STEM titulazioetan emakumeek nolako eginkizuna duten nabarmentzeko —ingeleseko STEM siglak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika esan nahi du—. Azken batean, neska eta emakume gazteentzat eredu izatea da helburua, eta erakustea STEM arloetan lan egiten ahal dutela besteek baino zailtasun gehiago izan gabe emakume izateagatik.

Lantegiak ikastetxeetan

Honako sei arlo hauetan eginen dira lantegi esperimental teknologikoak: oinarrizko zientziak, ingeniaritza informatikoa eta adimen artifiziala, telekomunikazioaren ingeniaritza, energia berriztagarriak, ingeniaritza biomedikoa eta ingeniaritza industriala. Lantegi bakoitza emakumezko bi ikertzaile gaztek gidatuko dute ikastetxeetan bertan. 2021ean, 14 emakumek osatuko dute taldea: hasierako proiektuan parte hartu zuten 12ek eta haiei lagunduko dieten beste 2 ikertzailek.

Honako lau ikastetxe hauetan eginen dituzte jarduerak: Iturrama, Ibaialde, Padre Moret-Irubide eta Barañain Bigarren Hezkuntzako institutuetan. Aurreko urteko ikastetxe berak dira, baina ikasle gehiagok hartuko dute parte aurten; izan ere, 2021ean DBHko 2. ikasmailan hasten direnek ere esku hartuko dute. Hortaz, DBHko 2., 3. eta 4. ikasmailetako ikasleentzat izanen dira ikastaroak.

Lehenbiziko lantegia 2021eko maiatzean edo ekainean eginen da segur aski, eta DBHko 2. ikasmailako ikasleei emanen zaie. Hala ere, ez dakigunez COVID-19aren pandemiaren ondorioz hemendik aurrera nolako osasun egoera izanen dugun, hitzarmenean ezarri da ordezko planteamendu bat proposatu behar dela jarduerak, osorik edo partez, telematikoki egiteko.

Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra

2019ko otsailean sortu zen Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra, zientziaren eta teknologiaren arloetan emakumeek gehiago parte har dezaten bultzatzeko, eta, bestetik, emakumeek zientzietako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematikako titulazioak ikas ditzaten sustatzeko (STEM), zeina Nafarroako Gobernuaren helburua ere bai baita.

Hain zuzen, Katedraren jarduera-ildoetako bat Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat unibertsitateko emakumezko ikertzaileek parte hartzen duten jarduerak antolatzea da.