Landa Garapeneko Europako Sareak hiri-hondakin organikoak kudeatzeko eta berrerabiltzeko NUPen eta Josenearen proiektu bat hautatu du 20 finalistetako bat izan dadin Rural Inspiration Awards 2021: Our Rural Future sarietan. 2021eko martxoaren 25ean emanen dute jakitera irabazleak zein diren, streaming bidez ikusten ahalko den onlineko ekitaldi batean.
“Tokian tokiko hondakin organikoen bioekonomia zirkularra, alderdi sozial eta prestakuntzakoekin” du izena proiektuak (Pilot Project on Circular Bioeconomy), eta Irunberrin egiten da (Nafarroa). Hondakin organikoak kudeatzeko eta berriz aprobetxatzeko proiektu berritzaile bat da: lehenik, hondakinak bildu eta konpostatuz tratatzen dira, eta, gero, ongarri gisa berrerabiltzen dira. Josenea Bio integrazio laboraleko enpresak garatu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP) eta Maestro Compostador eta LUAR Ingurumena aholkularitza-enpresekin lankidetzan.
Landa Garapeneko Europako Sareak (REDR) plataforma gisa funtzionatzen du. Hor, landa-eremua garatzeko politikak, programak, proiektuak eta ekimenak praktikan nola gauzatzen diren ematen da aditzera, baita horiek nola hobetzen ahal diren ere emaitzak hobetzearren.
Edizio honetan, Europar Batasuneko 22 herrialdetako 125 proiektu jaso dira. Guztira, bost sari emanen dituzte: herri bozketa bidez aukeratuko da irabazleetako bat (martxoaren 24ko gauerdian bukatuko da botoa emateko epea); beste laurak, berriz, epaimahaiak emanen ditu lehiaketako lau kategorietan, hau da, Etorkizun berdeak, Etorkizun digitalak, Etorkizun erresilientziazkoak eta Etorkizun sozial inklusiboak izeneko kategorietan.
Sarien helburua landa-garapeneko politika ezagutzera ematea da, eta nabarmentzea zer-nolako ekarpena egiten dion Landa Garapenerako Nekazaritzako Europar Funtsak landa-eremuen epe luzeko ikuspegiari. Horretaz gainera, landa-garapenean interesa dutenek jakintza partekatzea eta sarean lan egitea ere bultzatu nahi du.
Jardunbide onen adibide
Europako Batasuneko sare horrek emana zion saria 2018an Josenearen eta NUPen proiektu pilotuari jardunbide onen adibide izategatik; izan ere, hondakinak zirkularki berrerabiltzen ditu —eta horrek kostuak murriztu eta berotegi-efektuko gasen emisioa minimizatzen ditu—, eta, bestetik, politika sozialak integratzen dituenez, lagungarria da Zangozerriaren garapen ekonomikorako. Nafarroaren Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barrenean dago, eta Europar Batasunak finantzatzen du proiektuaren % 65 FEADER funtsen bidez.
Bazkide nagusiez gain, laguntza eman diote Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak, Zangozako Mankomunitateak eta Irunberriko Udalak ere.
Proiektuaren bidez, hondakin organikoak biltzeko eta garraiatzeko sistema bat sortu eta hondakin horiek konpostatzeko instalazio txiki bat jarriko dute martxan Irunberrin. Gainera, ikerketa bat eginen da hondakin organikoak biltzeko metodoak eta haien tratamendua optimizatzeko, eta modu horretan egindako konposta erabili eginen dela ziurtatuko dute. Proiektuaren baitan, bestalde, prestakuntza-ikastaroak eman dira jendeak ikas dezan hondakinak maila lokalean kudeatzeko eredu hori garatzen. Horren ondorioz, beste kategoria profesional bat sortu da: maisu konpost-egilea eta hondakin-kudeatzailea. Lanbide horretarako gaitzen duen titulua NUPek Fertile Auro (FeA) elkartearekin batera irakasten duen titulu bereki bat eginez eskuratu daiteke.
Proba pilotuan ateratako ondorioek eredua optimizatzeko balio izan dute, bai eta inspirazio-iturri izateko ere Nafarroako beste eskualde eta udal batzuentzat eta munduko beste leku batzuentzat. Izan ere, delegazio asko etorri dira proiektua bisitatzera, besteak beste Txinako Gobernuaren ordezkari batzuk, interesa baitute proiektua beren errealitatera egokitzeko.