Imanol Satrustegi Andres historialariak bere doktoretza-tesian, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri baitu, ezker iraultzaileko alderdiak frankismoaren azken urteetan eta trantsizioan Nafarroan izan zuten errotze handia ikertu ditu. “Nafarroa —dio— izan zen ezker iraultzaileak errotze handiena izan zuen Europa osoko tokietako bat”.
Tesiaren izenburua “Beste mundu bat nahi genuen. Nafarroako ezker iraultzailea, 1970-1979” da, euskaraz idatzi du, Emilio Majuelo Gil NUPeko historia garaikideko irakasle titularrak zuzendu du, eta bikain "cum laude" kalifikazioa lortu du.
Autoreak azaltzen duen moduan, ezker iraultzailea edo ezker erradikala izenarekin, “normalean, alderdi komunisten askotariko konstelazioa biltzen da, ezker tradizionala (PCE eta PSOE) baino muturrerago kokatzen zena eta, ezker abertzalea ez bezala, estatu mailan jarduten zuena”. Alderdi horiek 1960ko hamarkadaren amaieran sortu ziren, eta Trantsizioko urte garrantzitsuetan (1975-1977) gailendu ziren, hala nola Langileen Erakunde Iraultzailea (ORT), Euskadiko Mugimendu Komunista (EMK), Liga Komunista Iraultzailea (LKI), Espainiako Lanaren Alderdia (PTE), Espainiako Alderdi Komunista (marxista-leninista) (PCEml) edo Ezker Komunistako Erakundea (OIC).
Ezker erradikalari buruzko hainbat galdera argitu nahi izan ditu ikerketak: Zergatik errotu zen hainbeste Nafarroan? Eragina izan al zuen ezker iraultzaileak trantsizioan, monarkia konstituzionalerako adostasunik eta babes sozialik ez egoteko? Nola eta zergatik galdu zuen horrenbeste babes trantsizioan? Galdera horiei erantzuteko, Imanol Satrustegik iturri dokumentalak kontsultatu ditu, batez ere alderdi iraultzaileek egindakoak (barne buletinak, bilera eta kongresuetako aktak, eskuorriak, kartelak, etab.), baina ezker iraultzaileko militanteen testigantzak ere jaso ditu; “iragan berria denez, ahozko historia landu ahal izan da, eta horrek izugarri aberastu du tesia”, adierazi du.
Ezkerraren bilakaera
Tesiaren egileak azaltzen duenez, XX. mendearen hasieran Nafarroa lurralde kontserbadoretzat hartzen bazen ere, diktaduraren azken urteetan Nafarroan oposizio antifrankistaren erradikaltasuna eta dinamismoa harrigarriak izan ziren jende askorentzat . “Espainiako beste leku batzuetan ez bezala, Santiago Carrilloren PCE ez zen oso errotuta egon, eta haren ezkerrean kokatuta zeuden alderdiak izan ziren langile-mugimenduaren eta oposizio antifrankistaren indar nagusiak”.
Erradikaltasun hori eragiten duten faktoreen artean, Imanol Satrustegik desarrollismoaren hazkunde industrial azkar eta berantiarrari egiten dio erreferentzia, “eta, horren ondorioz, urte gutxiren buruan langile-klase berri bat sortu zen, batez ere langile gazteek osatua, eta ez zegoen lotuta gerra aurreko ezkerreko alderdien tradizioarekin”. Gainera, Elizaren sektore batzuek gizarte-maila pobreenekin harremanak izan zituztela dio, “eta langileen artean erlijioaren zabalkundea egiteko erakunde katoliko batzuek (hala nola Ekintza Katolikoko Langileen Ermandadea edo Langileen Abangoardia Soziala) langileen borroka begi onez ikustea ekarri zuen horrek. Kristauen elkarte-sarea eta legezko erraztasunak funtsezkoak izan ziren militante iraultzaile askoren prestakuntza eta lehen talde ezkertiarren sorrera errazteko”. Era berean, ezker iraultzailearen beste parte garrantzitsu bat “ETAren langile-korronte deiturikoak izan ziren, zeinak erakunde horren V. eta VI. batzarretan izandako eztabaiden ondorio baitziren”.
Testuinguru horretan, haren ikerketak dio, gainera, “ezker iraultzailea ez zela ezerezetik sortutako ameskeria bat izan: 68 luzea izeneko nazioarteko olatu iraultzaile baten parte izan zen, 1960ko hamarkadaren amaieran eta 70eko hamarkadaren hasieran mundua astindu zuena. Bazirudien aldaketa sozial sakonak munduko edozein lekutan gerta zitezkeela, baita Nafarroan ere. Nafarroako langileria gaztea, Nafarroako erakunde apostolikoak eta ETAko langile-korronteak 68 luzearekin (maoismoa, troskismoa, leninismoa, kontseilismoa, anarkismoa...) lotuta zeudenekin harremanetan jarri zirenean, erradikalizatu egin ziren, eta ezker iraultzaileko alderdiak sortu”.
Frankismoaren amaiera eta trantsizioa
Imanol Satrustegiren arabera, frankismoaren azken hamarkadan “ezker iraultzaileak gizartearen zati garrantzitsuekin konektatzea lortu zuen eta, mobilizazio ugarien bidez, frankismoa higatzea lortu zuen”. Testuinguru horretan, “ezker erradikaleko alderdiek estrategia iraultzaileak diseinatu zituzten, gizartean aldaketa sakonak lortzeko helburuarekin. Ezker iraultzailea gizarte-mugimenduen bidez politikoki eragiten saiatu zen, batez ere langile-mugimenduan, langile-batzordeen bidez. Askatasun nazionalei eta euskaltzaletasunari lotutako aldarrikapenek ere garrantzi handia izan zuten, sinbolo euskaltzaleen eta antifrankismoaren arteko identifikazioa lortu baitzen”.
Trantsizioan, “gizarte-mobilizazioaren tentsioari eusten ahalko ziotela pentsatu zuten, eta ahalegin handia egin zuten politikan paper garrantzitsua izaten jarraitzeko. Hain zuzen, 1977ko hauteskunde orokorretan, lau hautagaitza erradikalek hautesleen %17aren babesa jaso zuten (Europa osoko ezker erradikalak lortutako maximoa), nahiz eta ordezkaritzarik gabe geratu ziren alderdi zatiketaren ondorioz”.
Hala ere, Satrustegiren iritzian, “erregimen parlamentario eta konstituzional berriak ez zuen iraultzaren etorrera hurbildu; aitzitik, kapitalismoa indartu eta legitimitate berria eman zion. Gainera, krisi ekonomikoaren eta ziklo neoliberalaren hasieraren ondorioz, langileen mugimendua defentsiban jarri zen. Europako herrialde gehienetan, 68 luzearen txinparta iraultzailea itzaltzen joan zen 70eko hamarkadaren amaieratik aurrera. Itxaropen iraultzaileen galera orokorraren aurrean, ezker iraultzaileak militantzia-krisi sakona jasan zuen”.
Egoera berrian, ezker iraultzaileak eraginkortasuna galdu zuen. “Ordura arte ezker iraultzaileak begi onez ikusten zuen hausturaren aldeko oinarri soziala ez zen gustura sentitu, eta ezker abertzaleak erakarri zuen. Ezker abertzaleak ez zuen presentzia nabarmenik izan borroka antifrankistan, baina sistemaren aurka jarraitzen zuen korrontea zelako itxura ematea lortu zuen. Nafarroa, gehien errotutako alderdi iraultzaileetako batzuk desagertu egin ziren, esaterako, ORT eta PTE. Beste batzuek, hala nola EMK eta LKI, bizirik iraun zuten 80ko hamarkadan, baina boterea hartzetik urrun, gizarte-mugimendu berrien animatzaile gisa”.
“Ezker iraultzaileak —tesiaren egileak laburbiltzen du— garaipen partzial askotan lagundu zuen; besteak beste, soldaten hobekuntzan langile-mugimenduaren bidez edo bizi-baldintzen hobekuntzan auzo-mugimenduaren bidez. Abangoardian egon ziren, halaber, mugimendu eta protesta sozial askotan, hala nola feministan, ekologistan edo errepresioaren aurkakoan”.
Imanol Satrustegi Andres (1993) Historiako Graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta Historia Garaikideko Unibertsitatearteko Masterra du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB). Nafarroako Unibertsitate Publikoan lortu zuen doktoretza 2021ean, eta Nafarroako Gobernuaren doktoretza aurreko beka bati esker garatu ahal izan du bere tesia.