Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) unibertsitateko 27 master titulu ofizial eskainiko ditu 2021-2022 ikasturtean (horietako bat bikoitza da), eta master horietako bostek lanbide arautuetan aritzeko gaitzen dute, erakundeko Gobernu Kontseiluak onetsi duenez. Aurreinskripzioa “online” egin behar da Unibertsitatearen webgunean, eta horretarako lehenbiziko epea zabalik dago apirilaren 30 arte. Matrikula, aldiz, maiatzaren 24tik 26ra bitartean egingo da. Eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean kontsulta daiteke.
Berritasun gisa eta “Campus Iberus” Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasuneko Campusaren barruan, Ekonomia Zirkularreko Unibertsitate Masterra eskaintzen da aurten, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen mendekoa. Unibertsitatearteko masterra da, eta NUPez gainera Zaragozako, Errioxako eta Lleidako Unibertsitateek hartzen dute parte. Diziplina anitzeko prestakuntza hartzen du, alderdi zientifiko-teknikoetatik hasi eta alderdi ekonomiko-juridikoetaraino, ezinbestekoa baita ekonomia zirkularraren printzipioak enpresa eta erakunde publiko eta pribatuetan ezartzeko, eta hori guztia garapen jasangarriaren ikuspegitik. Europar Batasunaren arabera, ekonomia zirkularra produkzio eta kontsumo eredu bat da, material eta produktuak ahal den guztietan partekatzea, alokatzea, berrerabiltzea, konpontzea, berritzea eta birziklatzea bultzatzen duena, balio erantsia sortzeko. Hala, produktuen bizi-zikloa luzatu egiten da.
Masterren eskaintza osoa eskola eta fakultateen arabera
Hau da Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoak (IITIGMET) datorren ikasturterako egiten duen master-eskaintza: Proiektuen Zuzendaritza; Energia Berriztagarriak: Sorkuntza Elektrikoa; Ingeniaritza Biomedikoa; Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritza; Ingeniaritza Mekaniko Aplikatua eta Konputazionala; Modelizazio eta Ikerketa Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa; Ingeniaritza Informatikoa, eta lanbide batean aritzeko gaitzen dutenak: Telekomunikazio Ingeniaritza eta Industria Ingeniaritza. Industria Ingeniaritzako eta Enpresen Zuzendaritzako Unibertsitate Master Bikoitza ere badauka (lanbide batean aritzeko gaitzen duena).
Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoaren kasuan (NIBGMET), titulu hauek eskaintzen dira: Ingurumen Nekazaritzako Biologia; Nekazaritza Ingeniaritza, lanbide batean aritzeko gaitzen duena; Enologia Berritzailea; Kimika Sintetikoa eta Industria Kimika; Informazio Geografikoko Sistemak eta Teledetekzioa, eta Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologia eta Kalitatea.
Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak master hauek eskaintzen ditu: Enpresen Zuzendaritza; Enpresaren Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketa; Ekonomia Zirkularra eta Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketa (ERP).
Osasun Zientzien Fakultatean hauek emango dira: Osasun Zientzietako Ikerketako Masterra eta Osasun Publikoko Masterra.
Zientzia Juridikoen Fakultateak hiru master eskaintzen ditu: Abokatutzarako Sarbidea, lanbidean aritzeko gaitzen duena; Ondare Zuzenbide Pribatua, eta Lan Arriskuen Prebentzioa.
Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, berriz, bi titulu hauek: Bigarren Hezkuntzako Irakasletza, lanbidean aritzeko gaitzen duena, eta Gizabanako, Familia eta Taldeekiko Esku-hartze Soziala.