Jaime Brunet Fundazioak deialdi bat egin du 10.000 euroko hiru dirulaguntza emateko Nafarroan gaur egun premia-egoeran dauden pertsonei babesa eta laguntza ematearren egiten duten lan humanitarioagatik nabarmentzen diren erakundeei.
Fundazioak giza eskubideak defendatzeko eta babesteko egiten duen lanarekin bat etorriz, “koronabirusaren pandemiak eragindako egungo egoera sozioekonomiko larria arintzen laguntzea” du helburu.
Erakunde interesdunek Jaime Brunet Fundaziora bidali beharko dituzte eskabideak, fundacion.brunet@unavarra.es helbidera. Eskaeren artetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egoitza duen fundazio honen balioak hobekien defendatzen eta lantzen dituzten hirurak aukeratuko dira.
Deialdiaren oinarriak Jaime Brunet Fundazioaren webgunean daude eskuragarri. Horietan zehazten da zein diren erakunde eskatzaileen betekizunak, baloratuko diren alderdiak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa. Laguntzak zatiezinak izanen dira, eta ezin izanen dira jarduera batera baino gehiagotara bideratu. Hala, erakundeek behar bezala dokumentatu beharko dute premian dauden pertsonei babesa eta laguntza emateko egiten duten lan humanitarioagatik nabarmentzen direla beren programak, eta laguntza hori esplizituki txertatzen dela beren estatutuetan. Era berean, egiaztatu beharko dute egoitza sozial iraunkorra Nafarroan dutela, eta gutxienez bi urteko esperientzia dutela premian dauden pertsonei babesa eta laguntza emateko lan humanitarioaren arloan.
Jaime Brunet Romero
Jaime Brunet Romerok (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, 1992) eman dio izena Fundazioari. Brunet Zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Seme-alabarik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurkako sentimenduek bultzatuta, bere ondarea oinordetzan uztea erabaki zuen, bi helbururekin: batetik, hiltzean bere izena izanen zuen fundazio bat sortzeko, eta, bestetik, giza eskubideen alde egindako lanagatik aintzatespena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Horrela, Jaime Brunet Romero fundazioa sortu zen, egoitza NUPen duela, hark testamentuan adierazitako nahiari jarraikiz.
Jaime Brunet fundazioa kultur fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta hauek ditu helburuak: giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea.
Urtero, fundazioak hiru sariren deialdia egiten du: Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria, giza eskubideen defentsa sustatu eta hedatzeko, eta giza duintasunari lotzen zaizkion eskubideen gainetik jartzen diren egoera eta tratu krudelak edo iraingarriak behingoz amai daitezen laguntzeko; Doktoretza Tesien Jaime Brunet Saria, giza eskubideekin eta horien defentsarekin eta sustapenarekin harreman zuzena duen oinarrizko ikerketa-edukia landu duten doktoretza-tesiak saritzen dituena; eta Jaime Brunet Unibertsitate Saria, aipatutako gai horiek landu dituen unibertsitateko ikasle baten lana nabarmentzen duena urtero (gradu eta master amaierako lanak).