Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) dibulgazio zientifikoko kanal berri bat jarri du abian podcast formatuan (audio artxiboak), herritarrei zientziari, teknologiari eta berrikuntzari buruzko egungo edukiak hurbiltzeko. Ekimen honen izena “Zientzia puntu-puntuan” da (“Ciencia al punto” gaztelaniaz), eta, bertan, NUPeko zenbait irakaslek unibertsitateko ikerketa-jarduerarekin lotutako galdera interesgarriei erantzunen diete. Podcasten plataforma nagusietan daude bi kanalak (Google Podcasts, IVoox, Apple Podcasts, Spotify, YouTube, etab.).
Lehenbiziko ataletan, aurpegiko emozioen detekzioaz eta horrek zineman dituen aplikazioez mintzatuko dira (euskaraz), baita hizkuntzen ikaskuntzari edo adimen artifizialari buruz ere (gaztelaniaz). NUPek, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren mende dagoen Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez, hamabostean behin eguneratuko ditu eduki horiek. Hurrengo kapituluetan beste gai batzuk aztertuko dituzte: ea kandela baten beroarekin kargatu ote daitezkeen sakelako telefonoak, nola sortzen ahal den hotza beroarekin, ea saguzarrek izan ote duten zerikusirik COVIDaren transmisioan, eta lurra lantzeko moduak eragiten ote dion klima-aldaketari.
Lehenbiziko podcastetako protagonistak eta edukiak
“Ciencia al punto” gaztelaniazko podcastaren lehenbiziko atalean, Amparo Lázaro Ibarrola Filologia Ingeleseko irakasleak aztergai izanen du ea hizkuntzak ikastea ezinezko misioa ote den pertsona batzuentzat. Bigarrenean, Humberto Bustince Sola Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren arloko katedradunak azalduko digu nola identifikatzen duten makinek norbaiten pentsamendua pertsona hori bere kabuz adierazteko gai ez denean.
Bestalde, euskarazko podcastaren estreinako atalean, aurpegiko emozioen detekzioaz eta horrek zineman dituen aplikazioez mintzatuko dira, eta Mikel Galar Idoate eta Unax Flores Uribe irakasleak izanen dira protagonistak (Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifizialekoa eta Hezkuntzaren Teoria eta Historiakoa, hurrenez hurren).
Halaber, ekimenak zero kapitulu bat du, eta, horretan, Martín Larraza Quintana Ekonomiako, Plangintzako eta Estrategiako errektoreordeak eta Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak NUPeko dibulgazio zientifikoko kanal berri horien helburua azaltzen dute, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren.
Horrez gain, otsailaren 11n (asteazkena), Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, Gurutze Perez Artieda Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloaren zuzendari eta NUPeko Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren arduradunak podcast berezi bat eginen du zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematikaren diziplinetan oraindik ere dagoen genero-arrakalaren inguruan.
NUPeko ikertzaileak
Nafarroako Unibertsitate Publikoak hainbat diziplinatako 1.145 ikertzaile ditu, eta horien lana sei institututan koordinatzen da, interes zientifiko, sozial eta teknologikoko erronkei erantzuteko. Institutuok Jerónimo de Ayanz zentroan dute egoitza, eta honako hauek dira: I-COMMUNITAS (Institute for Advanced Social Research - Gizarte Ikerketa Aurreraturako Institutua), IMAB (Institute for Multidisciplinary Applied Biology - Diziplina Anitzeko Biologia Aplikaturako Institutua), INAMAT2 (Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutua), IS-FOOD (Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutua), ISC (Smart Cities Institutua) eta INARBE (Enpresari eta Ekonomiari buruzko Ikerketa Aurreraturako Institutua).