Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) A gentle Introduction to Python izeneko eskuliburua argitaratu du. Ingelesez idatzita dago, eta programazio-lengoaia horren oinarriak modu erraz eta praktikoan ikasteko balio du. Laura de Miguel Turullols, Ainara López Maestresalas eta Carlos López Molina Unibertsitateko irakasleak dira lanaren egileak. 

zoom Autores

NUPek argitaratutako eskuliburuaren hiru egileak. Ezkerretik eskuinera: Carlos López Molina, Ainara López Maestresalas eta Laura de Miguel Turullols.

Liburua Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika arloetako lehen urteko ikasleei dago zuzendua (STEM, ingelesezko sigletan), baina programazio-lengoaia hori erabiltzen hasi nahi duten pertsona ez-espezializatuek ere baliatzen ahal dute. 270 orrialdetik gorako lan horretan, egileek lengoaiaren muinaren alderdiak teorikoki errepasatzen dituzte, eta 180 ariketa baino gehiago daude laguntzeko, baita 100 eta gehiago adibide eta script ere, soluzio eta guzti. “Irakaskuntza-lana NUPen eskaintzen diren gradu eta master programen beharretara egokitu da, baina ez da horietara mugatzen; izan ere, liburuko adibideak eta ariketak programazioan interesa duten askotariko profesionalek erabili eta hobetu dituzte”, zehaztu dute egileek. “Hori dela eta, lana baliagarria izaten ahal da zeharkako publikoarentzat”, azpimarratu dute.

Lengoaia moldakorra eta datuen zientzian oso erabilia

“Python programazio-lengoaia oso moldakorra da, eta, gainera, kode irekiko lizentzia bat du; ondorioz, gaur egun munduan gehien erabiltzen den lengoaietako bat da”, diote irakasleek. “Lengoaia hau aukera bikaina da datu bolumen handiekin (Big Data) lan egiteko, sinplifikatu egiten baitu datuen erauzketa eta prozesamendua. Python lengoaia erraza eta praktikoa da, eta kode lerro gutxi erabiliz algoritmo konplexuak programatzeko aukera ematen du”, azaldu dute. “Izan ere, azken urteotan datuen zientziako irtenbideak garatzeko tresna nagusia bihurtu da askotariko diziplina tekniko eta zientifikoetan”, erantsi dute.