Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Elikagaien Teknologiako eta Segurtasuneko Espainiako Zentroak (CNTA) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute NUPeko Biologia Sintetikoaren Katedra sortzeko. Ramón Gonzalo García NUPeko errektoreak eta Héctor Barbarin Requetibate CNTAko zuzendariak sinatu dute.

zoom Firmantes

Hitzarmenaren sinatzaileak. Ezkerretik eskuinera: Héctor Barbarin eta NUPeko errektorea.

Katedraren helburu nagusia gaur egungo gizartearen erronka berriei aurre egitearren biologia sintetikoak zer aukera ematen dituen ikertzea da, bai eta Nafarroako enpresen sisteman zientzia horren aurrerabidearen oinarriak ezartzea ere. Jakintza sortzeaz gainera, ikasleen eta enpresetako profesionalen prestakuntza praktikoari lagundu nahi dio, eta katedraren helburuekin zerikusia duten unibertsitate-zabalpeneko jarduerak babestu.

Hitzartutako lankidetza-modalitateetako bat da nekazaritzako elikagaien arloan biologia sintetikoak zer aplikazio dituen ikertzea Espainian eta nazioartean, eta beste diziplina batzuekiko interakzio eta aplikazioak aztertzea. Biologia sintetikoa sustatzeko beste jarduera batzuk ere pentsatu dira, hala nola topagune eta foroak antolatzea, sinergiak sortzeko lantaldeak sortzea, ikerketa-proiektuetarako pizgarriak ematea, arloko beste ikastegi esperientziadunetako ikasle eta irakasleekin trukeak egitea, eta doktoretza-tesiak egiteko laguntzak eta bestelako beka eta sariak ematea. 

Hitzarmenak dio katedraren segimendurako batzorde misto bat eratuko dela, bi aldeetako bina ordezkariz osatua. Batzordeak honako eginkizun hauek izanen ditu: katedraren zuzendaria izendatzea, urteko jarduera-programaren berri ematea errektoreari, programa nola gauzatzen den gainbegiratzea, urteko memoria onestea, beste lankidetza-hitzarmen batzuk proposatzea, eta katedra eratzeko hitzarmenarekin lotutako eztabaidak konpontzea.

Biologia sintetikoa

Biologia sintetikoa zientziaren arlo bat da, zeinak organismo bizidunen diseinua ikertzen baitu zientziak eta ingeniaritzak eskainitako teknika eta prozeduren bidez. Azken buruan, organismo bizidunak sortzen ditu modu efiziente eta fidagarrian naturan lehendik dauden organismoek ezin egin dituzten eginkizunak bete ditzaten. Biomolekulak sintetizatzeko eta funtzio espezifikoak dituzten sistema biologikoen ingeniaritzan erabiltzen da maiz biologia sintetikoa. Biologiaren adar honek sistemak diseinatzen ditu prozesu biologiko konplexuak egiteko. 

“XX. mendeak irakatsi digu bizkor ugaritu direla diziplina teknologikoak, batez ere elektronikarekin eta datuen zientziarekin lotuak daudenak. Biologia sintetikoak diziplina anitzeko ikuspegia darabil, ingurumenaren, biomedikuntzaren, material berrien eta nekazaritzako elikagaien arloan irtenbideak eskaintzearren”, hitzarmenean adierazten denez.