Joan eduki nagusira

Ana Ruiz Ilundain Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko ikasleak leku itxietako airearen kalitatea neurtzen duen gailu bat diseinatu du, gauza dena inguruneko kondizioak automatikoki ebaluatu eta zenbat aire berritu behar den erabakitzeko. Ingeniariaren proiektua Inbiot enpresaren negozio-lerroetan sartzen da, eta Ekintzailetzako proiektu bat garatzen duten Ikasketen Amaierako Lanetarako Rural Kutxa Sarietako sari berezia ere eman diote.

zoom Ana Ruiz

Ana Ruiz Ilundain, NUPen, “MICA_Wall” gailuarekin.

Nafarroako startup enpresa bat da Inbiot, CEINen berrikuntzako haztegietakoa, eta barneko espazioetako airearen kalitatea monitorizatzeko eta hobetzeko irtenbide adimendunak garatzen ditu. Gaur egungo pandemia dela-eta, gailu berri bat garatu du enpresak, MICA Lite izenekoa. Eraikinetako barneko espazioetako airea aldatu beharrak denbora errealean kalkulatzen ditu (ikasgela, ostalaritzako lokal eta osasun etxeetakoa, adibidez), birusa zabaltzeko aukerak ahalik eta gehien murrizteko.

Ana Ruiz Ilundainek azaldu du batez beste denboraren % 80-90 pasatzen dugula leku itxietan, eta barneko espazioen kutsadura kanpoaldekoa baino 2-5 aldiz handiagoa izaten dela. “Airea berritzeko sistemen kontrola hobetu nahi nuen proiektuan, zehatz-mehatz beroa berreskuratzeko sistemarena, zeina eraikinen barneko airea kanpoko airearekin berritzen duen ekipo bat baita. Horrez gain, barneko airea erabiliz aldez aurretik berotzen du kanpokoa”.

Orain arte, ekipo nagusi batetik kontrolatu izan dira airea berritzeko gailu guztiak. Hor, funtzionatzeko modu bat aukeratzen du erabiltzaileak, leku bakoitzaren barneko aireari buruzko informazio fidagarririk gabe. “Nire lanean, kontrol automatiko bat erantsi nion ekipo horri. Inbiot enpresaren beste gailu bat da, “MICA Wall” izenekoa (airearen kalitatearen monitore adimenduna), paretan instalatzen da, eta zenbait parametro neurtzen ditu: tenperatura, hezetasuna, karbono dioxidoa, esekitako partikulak eta abar. Nik garatutako sistema intuiziozkoa da: “MICA Wall” gailuak airearen kalitatearen datuak neurtzen ditu, eta bero berreskuragailuarekin zuzenean konektatua dagoen modulu batera bidaltzen ditu. Modulu horrek datuak kudeatzen ditu, eta leku horretan zenbat aire berritu behar den erabakitzen du algoritmo batean oinarrituta. Bestalde, web-plataforma batean kontsultatzen ahal ditu erabiltzaileak parametroak, eta leku horretako airearen kalitatea egiaztatu”.

Airea berritzea eta COVID-19a

Ana Ruiz Ilundainen ustez, birus batzuen kutsatzeko arriskua, besteak beste COVID-19a kutsatzekoa, txikitzeko ere balio du sistemak. “Bero berreskuragailurako nik garatutako gailu hau eta eskuzko kontrolagailuak konparatuz gero —esan du ingeniariak—, bi gauza lortzen ditugu: batetik, energia kontsumoa murriztea, behar den airea baino ez baitugu berrituko une oro; eta, bestetik, osasuna eta ongizatea hobetzea, leku itxietako airearen kalitate onena izanen baitugu beti”.

Horregatik, COVID-19aren kontra borrokatzeko irtenbideetarako ekimenen sari berezia eman zioten Ekintzailetzako proiektu bat garatzen duten Ikasketen Amaierako Lanetarako Rural Kutxa Sarietako laugarren edizioan.

Ana Ruiz Ilundainen Master Amaierako Lanak “Control Biosmart de sistemas de ventilación mediante recuperador de calor” du izena, eta David Astrain Ulibarrena NUPeko Ingeniaritza Saileko Makina eta Motor Termikoetako katedraduna izan du zuzendari. Emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketa amaierako lanei buruzko Poster Lehiaketaren II. edizioko irabazle ere izan da Ana Ruiz Ilundain lan horrekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sustatzen duen lehiaketakoa.