Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko zentzumen bidezko analisiko laborategiak 2021. urtean hogei urte bete ditu Egiaztatze Erakunde Nazionalak (ENAC) kalitate-deitura duten elikagaien kontrol organoleptikoa egiteko egiaztatu zutenetik. Laborategi honetan lan egiten duten langileak NUPeko IS-FOOD institutuari atxikita daude eta urtean zehar hainbat ekitaldi antolatu dituzte hogeigarren urteurrena ospatzeko.

zoom Sala de catas

NUPeko zentzumen bidezko analisiko laborategian egindako Erronkariko gaztaren dastaketaren irudi bat.

Osagai hauek ditu laborategiak erabiltzen dituen NUPeko instalazioak: sukaldea, 25 postuko dastatze-gela eta 7 kabinako dastatze-gela normalizatua (UNE-EN-ISO 8589:2010 Araua), non dastatze saioetan argia, tenperatura eta hezetasuna kontrolatzen baitira.

María José Beriain NUPeko Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko zuzendariaren arabera (IS-FOOD), “Jatorrizko Deitura Babestua (JDB) edo Adierazpen Geografiko Babestua (AGB) duten produktuek azterketa hori egin behar dute egiaztatutako laborategi batean; alde batetik, produktuaren ezaugarri sentsorial bereizgarrienak definitzen dira, eta, bestetik, denboran zeharreko kalitate-kontrolaren segimendua egiten da”. Aipatu laborategian aztertutako produktuen artean Erronkariko gazta dago, zeinak Espainiako lehen jatorrizko deitura lortu baitzuen 1981ean.

Hogeigarren urteurren hau ospatzeko, IS-FOOD institutuko ikertzaileek Nafarroako elikagaiei buruzko hainbat ekitaldi antolatu dituzte urte osoan zehar. Zehazki, programak honako hauek hartuko ditu bere baitan: “Ilarako lehena”, Erronkariko gaztaren dastaketa; “Belarditik platerera: erretegiaren magia”, Nafarroako haragiaren dastaketa; “Gutizia gorriak gure plateretan”, pikillo piperren dastaketa; “Nafarroako baratzeko luxua”, barazki-dastaketa; eta “Zentzumenen gozamena”, ardo-dastaketa.

Langile adituak

Laborategiko langileek elikagai diferenteen analisi sentsoriala egiten dute enpresen eskariaren arabera. Erronkariko gaztaren kalitate-kontrola egiteaz gainera, zenbait produkturen kalitate sentsorialaren kontrola egin du. Esaterako: AGBa duen Nafarroako zainzuria eta JDBa duen Lodosako pikillo piperra. Erronkariko JD gaztaren analisi sentsoriala edo kontrol organoleptikoa egiten duten dastatzaile edo epaileak aditu kualifikatuak dira; UNE-EN ISO 8586 Arauaren araberako hautaketa-, entrenamendu- eta kualifikazio-prozesutik igaro dira.

zoom Investigadoras

Ezkerretik eskuinera, Kizkitxa Insausti, Paloma Torre, María José Beriain, Inés Arana eta Susana García, analisi sentsorialeko taldeko kideak.

Antolaketaren ikuspegitik, zentzumen bidezko analisiko laborategiak dastaketen arduradunez gainera lau pertsona ditu zuzendari, zuzendari tekniko, kalitate arduradun eta laborategiko teknikari postuetan.

Bestalde, elikagaien ikerketa eta analisi sentsorialaren arloan, IS-FOOD institutuko ikertzaileek ikerketa sentsorialeko hainbat lan egin dituzte Nafarroako txahalarekin, Nafarroako arkumearekin eta Nafarroako ardoekin.