Joan eduki nagusira


Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Huarte de San Juan. Geografia eta Historia” aldizkariaren 27. zenbakia argitaratu berri du, zuzendaritza berri baten pean. Izan ere, Álvaro Baraibar Echeverría, Carlos Ciriza Mendívil eta Gemma Piérola Narvarte irakasleek Ángel García-Sanz Marcotegui katedradun eta ohorezko irakaslearen lekukoa hartu dute, zeinari, zuzendari berrien arabera, “urte hauetan egindako ahalegin guztia eskertu behar baitzaio, aldizkariari bidea eman baitio jauzi bat egin eta aro berri bat abiatzeko”. Aldizkaria sarbide irekian dago eskuragarri, bai bere webgune berrian, baita Unibertsitatearen Academica-e “online” gordailu instituzionalean ere.

zoom Equipo de dirección

“Huarte de San Juan. Geografia eta Historia” aldizkariaren zuzendaritza-talde berria. Ezkerretik eskuinera: Gemma Piérola, Carlos Ciriza eta Álvaro Baraibar.

27. zenbakiak hamar artikulu eta bi erreseina ditu. Aldizkarian “memoria-toki” delakoei buruzko txosten bat aurkitzen ahal da, eta memoriaren politika publikoen kudeaketan eskarmentua duten zenbait espezialistaren bost artikulu bildu dira bertan. Juan Carlos García Funes NUPeko ikertzaile eta arlo horretako adituak argitaratu du txostena. Artikuluen atalean, bestalde, sei lan jaso dira, Argentinako, Mexikoko eta Kolonbiako irakasle batzuek eta Espainiako beste erakunde batzuetako zenbait kidek idatzitakoak. Hainbat gai jorratzen dira artikuluotan, hala tokikoak nola nazioartekoak; horien artean daude, adibidez, Hegoaldeko euskal probintzien eta Chihuahuaren (Mexiko) arteko migrazio-loturak, Antioquiako (Granadako Erresuma Berria) erroldak eta aziendak, edo XVII. mendeko Espainia Berriko Erregeorderriko negozio-gizonak eta erregearen ministroak. 

Aldizkariaren ibilbide berriaren nobedadeak

Estreinatu berri duen ibilbidean, aldizkariak zenbait berrikuntza izan ditu, arduradunek zehazten duten bezala: aldizkariko kontseiluak nazioartekotu dira, “beste herrialde batzuetatik garai historikoei buruzko espezialisten kanpo ordezkari dezente txertatuz”; artikulu guztiak pareko itsuen sistemaren bitartez berrikusi dira, “argitaratzen diren lanen kalitatea hobetzen jarraitzeko konpromisoari helduz”; artikuluei DOI edo Digital Object Identifier bat esleitu zaie, eta eskuizkribuak “OJS edo Open Journal System delakoen gainean garatutako plataforma baten bidez kudeatzen dira, egiletzaren eta edizioaren arteko lotura errazteko eta gardentzeko”, azaldu dute.