Joan eduki nagusira

Daniel Aldaz Burgoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Teknologietako Ingeniaritzako gradudunak irabazi du energia berriztagarriei buruzko ikasketa amaierako lanen VI. poster lehiaketa. Antolatzailea APERNA izan da, Nafarroan Energia Berriztagarriak Sustatzeko Elkartea, lotura estua baitauka NUPeko Energia Berriztagarrien Katedrarekin. Bigarren saria Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan graduatutako Mikel Santos Ibáñezentzat izan da.

zoom Aperna

Ezkerretik eskuinera, Mikel Santos Ibáñez (bigarren saria) eta Daniel Aldaz Burgoa (lehen saria) lehiaketara aurkeztutako posterrak erakusten.

 

Daniel Aldaz Burgoak 300 euro irabazi ditu “Simulator of a LIDAR sensor for a wind turbine control application” lanaren posterrari esker. Irabazlearen gradu amaierako lan horrek Irene Miquelez Madariaga eta Idoia Lizarraga Zubeldia NUPeko Ingeniaritza Saileko ikertzaileak izan ditu zuzendari.

Bestalde, Mikel Santos Ibáñez Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko graduatua bigarren postuan gelditu da, eta 150 euro irabazi ditu honako lan honi buruzko posterragatik: “Prototipo de convertidos avanzado multinivel para aplicaciones fotovoltaicas: validación del lazo de control de corriente magnética”. Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko Ernesto Barrios Rípodas eta David Lumbreras Magallón ikertzaileek gidatu dute GAL hori.

Lanen edukia

Daniel Aldazek azaldu duenez, haize-sorgailuek haizearen energia elektrizitate bihurtzen dute feedback sistema soil batez baliatuz, hau da, haizearen ezaugarriak zein diren kontuan hartu gabe. Bere gradu amaierako lanean, aireko partikulen mugimendua aztertzeko gai den LIDAR sentsore baten simulazioa egin du, haizeari buruzko informazio garrantzitsua lortzeko aukera ematen duena, adibidez zenbateko abiadura duen haize-sorgailura iritsi baino lehen. Horretarako, beharrezkoa izan da azterketa zehatz bat egitea sentsorearen neurketa hondatzen duten errore-iturriei buruz, baita errore horiek garatutako simulagailuan sartzea ere. Neurketan dituen efektuak aztertu ditu, bai denboraren bai maiztasunaren aldetik, horiek zuzentzeko balioko duten ondorioak ateratzearren eta haize-sorgailuen kontrola hobetzen jarraitzearren.

Mikel Santosen lanari dagokionez, inbertsore fotovoltaiko baten potentzia txikiko prototipo baten diseinu, fabrikazio eta baliozkotze esperimentala egin du. Inbertsore horrek topologia berri bat du, non bihurgailuen AC irteerak seriean konektatuta baitaude, instalazio fotovoltaikoen kostua murriztuz. Egileak azaldu bezala, “maiztasun altuko transformadorearen magnetizazio-korrontearen kontrol-lotura garatuko da, eta horretarako, intentsitate hori eta inbertsorearen bus-tentsioa neurtu beharko dira. Simulazio bidez baliozkotuko da, eta, ondoren, zirkuitudun txartela muntatu eta baliozkotze esperimentala eginen da”.

Epaimahaia honako ikertzaile hauek osatu zuten: Jokin Aginaga García Ingeniaritza Saileko irakaslea, David Elizondo Martínez doktoretzako ikaslea eta Javier San Miguel Armendáriz Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakaslea. Baloratutako alderdien artean, kontuan hartu dituzte aurkeztutako lanen kalitatea, energia berriztagarrien garapenari egiten dioten ekarpena, posterren kalitatea (zehatzak eta argiak izatea eta ongi aurkeztuak egotea), parte-hartzaileek emandako azalpen eta erantzunak eta finkatutako denborara egokitu izana.

Bi irabazleez bestalde, honako hauek ere hartu dute parte lehiaketan: Josu Barrado, Asier Bendoiro, Daniel Echenique, Íñigo Garatea, Naiara Goñi, Adrián Guinda, Guillermo Puy, Patricia Alegría, Pablo Larrea eta Ana Ruiz. 

Lehiaketa eta elkartea

Urteroko lehiaketa honen helburua ikasleen sintesi-ahalmena piztea da, beren gradu amaierako edo master amaierako lanen laburpena den poster bat prestatuz. Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak lagundu dio diruz jarduera honi.

APERNA elkartearen helburua energia garbien erabilera sustatzea eta zabaltzea da, eta, horretarako, NUPeko Energia Berriztagarrien Katedrarekin egiten du lan, ikasleen parte-hartzea edukiko duten jarduerak antolatzeko.