Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateak kontakizun juridiko hoberenaren Kafka saria eta esparru juridikoko albiste hoberenaren Clarín saria emateko ekitaldia egin du, eta, sari horiekin batera, Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako gradu amaierako lanik hoberena ere nabarmendu du. Azken bi sariak ekainean erabaki ziren, baina orain arte ezin izan dira eman. Hauek izan ziren ekitaldiaren buru: Rafael Lara González NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa eta David Delgado Ramos Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialeko lehendakaria
Saridunak, sariak eman zituztenekin batera. Ezkerretik eskuinera: Rafael Lara (Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa), Irune Urrutia (Kafka sariaren irabazlea), Xabier Pérez (Kafka sariaren accesita), Lucy Vallejos (Clarín sariaren accesita), Ignacio Escala (Kafka sariaren accesita), Santiago Alenza (Clarín sariaren irabazlea) eta David Delgado Nafarroako Graduatu Sozialen Elkargo Ofizialeko lehendakaria.
Irune Urrutia Briongosek irabazi du Kontakizun Juridiko Hoberenaren V. Kafka Saria ikasleen modalitatean, Cuello de botella lanagatik. “Gai juridikoaren tratamenduan duen trebetasuna, mezuaren sentsibilitatea, irakurlearen interesa erakartzeko gaitasuna eta erakutsi gabeko amaiera eraiki izana” saritu du epaimahaiak. Kafka sarian bigarren sailkatua Ignacio Escala Estanga ikaslea izan da, Desde el fondo de la sala lanagatik, eta Xabier Pérez Zubillagak accesita jaso du En nombre del progreso lanagatik.
Santiago Alenza Carro izan zen, bestalde, Albiste Juridiko Laburren Clarín sariaren VIII. edizioaren irabazlea, Estando así las cosas lanagatik. Honako hauek nabarmendu zituen epaimahaiak ekainean hari buruz: “aukeratutako gaiaren interes juridikoa”, erabilitako estiloa, “albistea gizatiartu izana –hasieran erreferentzia bat eginez pertsona batek koronabirusaren krisiaren esparruan izandako arazoari–, idatzizko adierazpen zuzena eta amaiera egokia”. Bigarren saria Lucy Vallejos Mamaniri eman zioten, El TEDH respalda las devoluciones en caliente de los migrantes izeneko berriagatik, eta hirugarren saria, berriz, María Ruiz de la Cuesta Velari De los típicos haters lanagatik.
Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako gradu amaierako lan hoberena
Bestalde, Sandra Gómez Alonso ikasleak irabazi du Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Gradu Amaierako Lan Hoberenaren VI. saria, La delimitación del convenio colectivo aplicable en las empresas multiservicios lanarengatik, Julen Llorens Espada irakasleak gidatua. Saria Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialarekin batera ematen da.
Sandra Gómez Alonso, Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako gradu amaierako lan hoberenaren saria.
Erabakian, epaimahaiak nabarmendu egin zuen “zerbitzu anitzeko enpresei aplikagarria den hitzarmen kolektiboaren mugaketaren tratamendu orokorra, bai eta landutako gaiarekin sortutako arazoak aztertzeko lan zorrotza ere, gai horretako doktrinan eta jurisprudentzian oinarritua”. Hauek izan ziren saria emateko kontuan hartu ziren irizpideak: landutako gaiaren interesa, kalitate zientifikoa eta teknikoa, iturriak erabiltzeko zorroztasuna, lanaren barne-sendotasuna eta estilo-zuzentasuna, bai eta adierazpenaren eta aurkezpenaren argitasuna ere.