Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Zuzenbidearen Historia” izeneko lana argitaratu du, Nafarroako zuzenbidearen historiari buruzko eskuliburua. Roldán Jimeno Aranguren eta Amaia Alvarez Berastegi Zuzenbide Saileko irakasleek idatzi dute, eta Hizkuntza Plangintzarako Atalekoek zuzendu.
Euskaraz idatzitako testu teknikoen bilduma bati ematen dio hasiera eskuliburuak, “Liburu Akademikoak Euskaraz” izeneko bildumari alegia. Bildumaren helburua irakasteko eta ikasteko material kalitate onekoa sortzea da, ikasleek euskaraz errazago ikas dezaten. Gainera, euskararen presentzia indartu nahi du Unibertsitateko hizkuntza gisa, lagungarria izanen baita terminologia finkatzeko eta estilo zientifikoa garatzeko. Hala, Unibertsitateko egileen liburuz eta materialez osatuko da bilduma, bai eta zenbait arlotako liburuen itzulpenez ere. Azken buruan, diziplina zientifiko eta jakintza-arlo ugari barne hartu nahi da.
“Zuzenbidearen Historia” eskuliburuaren idazleek diotenez, zuzenbidearen historia funtsezko irakasgai bat da juristen trebakuntzan, eta lege eta instituzioen bilakaera aztertzen du zuzenbide pribatu eta publikoaren mugarriak ikertuz. “Zuzenbidearen Historia irakasgaian irakasten diren edukietan sakontzen da liburu honetan”, esan dute idazleek.
“Ius comune” delakoaren garapenetik Aro Modernora
Eskuliburuak Nafarroa du ardatz, eta hiru aro bereizten ditu: “ius commune” edo zuzenbide komunaren garapena, Ilustrazioa eta Aro Modernoa. Lehenengo blokean zuzenbide kristauan sakontzen du, zuzenbide erromatar eta kanonikoa (ius commune) Mendebaldeko kultura juridikoaren muina dela abiapuntutzat hartuz. Aro Modernoaren hasierarekin, gaien bigarren blokean, estatu modernoaren sorrera jorratzen da, eta, Nafarroari dagokionez, Gaztelak konkistatu zueneko garaia du ardatz. “Ilustrazioak zuzenbidearen bilakaeran duen eragina ere lantzen da bigarren bloke honetan, baita konstituzionalismoa eta iraultza liberaletatik eta, zehatzago, Frantziako Iraultzatik eratorritako kodifikazio berriak ere”, zehaztu dute egileek.
Azken blokea Frantziako Iraultzaren ondorengo munduan zentratzen da, eta Antzinako Erregimenaren eta liberalismoaren artean Nafarroako Erresuman eta euskal foruetan gertatu zen liskar luzeak zer-nolako eragina izan zuen aztertzen da bertan. Amaitzeko, XX. mendeko zuzenbidean eragina izan zuten gertaera garrantzitsuak errepasatzen dira: Industria Iraultzaren ondorioak, totalitarismoa eta Europako Erkidegoaren sorrera, besteak beste.
Liburuak “denbora luzea eta zabala hartzen du, eta zuzenbidearen bilakaeran eragina izan duten gertaeretan jartzen du arreta”, azpimarratu dute egileek. “Hau da, legelari batek ulertu behar dituen gako guztiak jorratzen ditu; horretarako, nazioartetik zuzenbidearen historiako gai hurbilen eta berezienetara doan ibilbidea berrikusten du, zuzenbide positiboa ulertzeko ezinbestekoa baita”, erantsi dute.
Egileen curriculum laburra
Roldán Jimeno Aranguren irakasle titularra da NUPen, eta Zuzenbidearen Historia irakasten du bertan 2003-2004 ikasturteaz geroztik. Zuzenbidean eta Historian lizentziaduna da, eta Zuzenbidearen Historian, Antropologia Juridikoan eta Historian doktorea. Hogei bat libururen egilea da, ehun artikulu inguru argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, eta kolaborazioak egin ditu hainbat lan kolektibotan. Nafarroako Historian aditua da, eta ikerketa-egonaldiak egin ditu Estatu Batuetan, Irlandan eta Italian.
Amaia Alvarez Berastegi, bestalde, Zuzenbidearen eta Erakundeen Historiako irakaslea da NUPen 2017-2018 ikasturteaz geroztik. Zuzenbidean doktorea da, hainbat lan argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea izan da, eta irakasle aritu da Ulsterko Unibertsitatean (Ipar Irlanda) eta Rosarioko Unibertsitatean (Kolonbia). Bere ikerketa-ildoak, Nafarroako Zuzenbidearen Historiaz gainera, frankismoa eta memoria historikoa dira.