Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Fakultateak gidatutako “ARsim2care” proiektuaren esparruan —errealitate handiagotuaren aplikazioa simulazio klinikoan—, “Teknologia berrien aplikazioa Osasun Zientzietako prestakuntzan” izeneko jardunaldien I. edizioa antolatu da azaroaren 25etik 27ra bitarte. Saioak “online” emanen dira, 400 lagunentzat baino gehiagorentzat —Espainiako eta Latinoamerikako osasun-arloko profesionalentzat—, eta teknologia berrien eremuko hainbat hizlari eta adituk hartuko dute parte, Montrealeko Unibertsitatekoak (Kanada), Valentziako San Vicente Mártir Unibertsitate Katolikokoak, NUPekoak eta Nafarroako zenbait ikastetxe eta enpresetakoak.

zoom Arsim

Pertsona bat errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzen, praktika kliniko batean.

 

Jardunaldien helburua errealitate handiagotuak, errealitate birtualak eta “joko serio” izenekoek Osasun Zientzietako profesionalen prestakuntzan izaten duten aplikazioan sakontzea da. Testuinguru horretan, hitzaldi eta lantegi praktiko samarrak eginen dira, arlo horretako adituen eskutik, honako hauek adibidez: hitzaldien artean, “Aplicaciones de la realidad virtual en la enfermería docente: innovación y retos” eta “Effectiveness of serious games and impact of design elements on engagement and educational outcomes in healthcare professionals”, eta, lantegiei dagokienez, “¿Cómo puedo utilizar la realidad aumentada en mis clases?” eta “Gamificación de contenidos: aprender jugando”.

Arsim2care aplikazioa

Errealitate areagotuak benetako munduko irudiak eta gailu teknologiko batek emandako irudi birtualak nahasten denbora errealean ditu errealitate misto bat sortzeko. Errealitate birtualak ez bezala, ez du mundu fisikoa ordezten, hari informazioa gehitu baizik.

Jardunaldi horietan, Leticia San Martín Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak eta Ana Larrayoz iAR (Industrial Augmented Reality) enpresako langileak “ARsim2Care” aplikazioa aurkeztuko dute, ikasleei prozedura kliniko inbaditzaileak egiteko prestakuntza ematera bideratua dagoena. Aplikazio hori NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko Erizaintza arloko irakasleek garatu dute, Coimbrako Unibertsitatearekin (Portugal), Bruselako Erasmus Hogeschoolekin (Belgika) eta Nafarroako iAR enpresarekin lankidetzan (azken hori software industrialen eta errealitate areagotuaren garapenean dago espezializatua).

Leticia San Martín, Nely Soto Ruiz eta Paula Escalada Hernández Osasun Zientzien Saileko ikertzaileek eta Tomás Ballesteros Egués Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko ikertzaileak hartu dute parte proiektuan, eta Isabel San Martín Erice aritu da proiektuko kolaboratzaile. Haiekin batera, iAR enpresako zenbait ingeniarik ere hartu dute parte: Ana Monreal Vidal, Miguel Ángel Llorente García, Jon Navarlaz Zudaire, Ana Larráyoz Jiménez, Ibai Pérez Aristu eta Carlos Ruiz García.