Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Estatistika, Informatika eta Matematika Sailak Ingeniaritza Informatikoko Gradurako eta Masterrerako eta Datuen Zientziako Gradurako duen laborategi birtuala 6.878 orduz erabili da guztira 2019-2020 ikasturteko bigarren seihilekoan, eta hiru titulazio horietako ikasleak 5.476 aldiz sartu dira. NUPeko Informatika Zerbitzuak azpiegitura horretarako hartutako irtenbide teknologikoa, software librean oinarritua, 3Dko diseinu-programak erabiltzen dituzten ikasgeletara urrunetik sartzeko ere erabili da (ingeniaritzako titulazioek erabiltzen dituzte ikasgela horiek), eta horrek beste 2.783 “online” sarbide eta 3.660 erabilera-ordu gehitu ditu epe berean.

zoom Laboratorio

Datuen Zientziako Graduko ikasle bat, NUPeko eskola batean.

 

“Pandemia baino lehen, Ingeniaritza Informatikoko ikasleek softwarea instalatzeko lanak egiten zituztela bermatzeko erabiltzen zen laborategi birtuala —segurtasun arrazoiak zirela-eta Arrosadiko campuseko Ikasgelategiko laborategi-azpiegituraren gainean egin ezin zituztenak egiteko—, eta, horrez gain, eguneko 24 orduetan, asteko 7 egunetan eta urteko 365 egunetan laborategietara sartzeko aukera emateko”, azaldu du laborategi birtual horretako arduradunetako bat den José Javier Astrain Escola Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak. Azpiegitura hori hasiera batean Ingeniaritza Informatikoko Graduko eta Masterreko titulazioetarako diseinatu bazen ere, Datuen Zientziako Gradua ezartzearen ondorioz (2020-2021 ikasturte honetan 3. ikasmailara iritsi da), haren edukiak zabaldu egin ziren. Ikasleek softwareari eta hodeiko konputazioari buruz ikasteko eta halako softwarea instalatzeko aukera izateaz gain, irakaskuntzako plataformak teknologia berrietara egokitu behar ziren, hala nola GPU bidezko konputaziora (prozesamendu grafikoko unitatea).

Laborategi eskalagarria eta sarbide unibertsalekoa

“Laborategi birtualak sarbide unibertsala du; beraz, web-nabigatzaile bat duen edozein gailutatik sartzen ahal da, tabletak barne. Gainera, erabiltzaileen premietara eta eskaeretara egokitzen da unean-unean eskura dauden baliabideekin —deskribatu du Jose Javier Astrainek—. Dauden baliabideak banatzen ditu zerbitzuaren degradaziora ere iritsi arte, baina ez dio zerbitzua emateari uzten saturazioa gertatuz gero. Konfigurazioak aukera ematen du sistemari zati bat gehitzeko edo baja emateko, eta, horrela, oso eskalagarritasun interesgarria eskaintzen du lan-egoera berriei edo eskari puntual edo iraunkor handiagoei heltzeko”.

Gainera, laborategi birtualak biltegiratzeko mekanismoak ditu erabiltzaileek beren segurtasun-kopiak kudeatu ahal ditzaten. Are gehiago, erabilitako 178 makina birtualen irudiak (edo hasierako konfigurazioa) ondorengo ikasturteetarako gordetzen ahal dira. Makina birtual bat benetako ordenagailu baten funtzionamendua emulatzen duen softwarea da. 

3Dko ikasgelen kasuan, laborategi birtualek modua eman zuten Ingeniaritza Departamentuko makinetara urruneko sarbidea emateko; zehazki, urruneko sarbide hori 49 ordenagailuren bidez egin zen Iruñeko Arrosadiko eta Tuterako campusetako ingeniaritzako bederatzi irakaslerentzat eta 152 ikaslerentzat. Azpiegitura irakaskuntzarako, azterketak egiteko eta graduko eta masterreko amaierako lanak lantzeko erabili zen. Laborategi horiek ingeniaritzaren arloko konfigurazio espezifikoak dituzte, birtualizazioa teknikoki oso konplexua bilakatzen dutenak, eta ordenagailu indartsuak behar dituzte, diseinu-software espezifikoa erabiltzen baitute. Informatika Zerbitzuak laborategietako ekipoak eskuragarri jarri zizkien irakasle eta ikasleei, beren etxeetatik sar zitezen ekipoetara, eta horretarako ez zuten behar Interneterako sarbidea zuen web-nabigatzaile bat besterik.