Nafarroako hamabi ikastetxek hartuko dute parte urriaren 23an eta 24an Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Parlamentuak antolatutako Batxilergoko XI. Eztabaida Lehiaketan. Hau da lehiaketaren hamaikagarren edizio honetarako aukeratu den gaia: “Ona ote da aisialdi digitala gaztaroan?” Osasun egoera dela medio, bai finalaurrekoa eta bai finala “online” formatuan eginen dira.
Lehiaketa Batxilergoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako ikastetxe guztiei zuzentzen zaie. Hiru, lau edo bost ikaslek eta kapitain batek osatuko dituzte taldeak, eta hezkuntza ziklo horretako 2. mailako ikasleak izan behar dute denek. Lehiaketa zuzenean ikusten ahalko da, Eztabaida Lehiaketaren web orrialdearen bidez.
Parte-hartzaileak
Honako ikastetxe eta institutu hauek hartuko dute parte lehiaketan: Basoko BHI, Plaza de la Cruz BHI, Navarro Villoslada BHI, Claret Larraona ikastetxea, Nuestra Señora del Huerto ikastetxea, San Cernin ikastetxea, Monjardín lizeoa, Hijas de Jesús ikastetxea, San Ignacio-Jesuitas ikastetxea, Santa Teresa de Jesús ikastetxea, Irabia-Izaga ikastetxea, (Iruñekoak guztiak) eta Marqués de Villena BHI (Martzilla).
Lehiaketa hau Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Parlamentua Unibertsitateko eta Batxilergoko ikasleen artean azken urte hauetan sustatzen ari diren eztabaida jardueretako bat da. Hain zuzen, prestakuntzako eta lehiaketako ekitaldi bat da, Nafarroako ikastetxe publiko eta itunduetako Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleei zuzendua. Aukera ona da ikasleek zenbait trebetasun gara ditzaten, hala nola jendaurrean mintzatzea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea edo argudioak ematea. Beren prestakuntza pertsonalerako interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko graduko ikasketekin lotutako gaitasun orokor edo zeharkako zenbait osatzen dituzte.
Aldez aurreko prestakuntza eta lehiaketa
Izena emandako ikasleek “online” formatuko prestakuntza saio batzuetan hartu dute parte. Saio horien xedea lehiaketaren inguruan izan zitezkeen zalantzak argitzea eta orientabidea ematea izan da. Taldeak ostiral honetatik aurrera lehiatuko dira, eta aldez aurretik zozketaren bidez esleitutako aurkako jarrerak defendatuko dituzte, hitz egiteko txanda itxien bidez (sarrera, bi eztabaida txanda eta ondorioak). Talde bakoitzak hamahiru minutu izanen ditu gehienez ere (26 minutu guztira).