Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) "Enpresan Lanbidean Hasteko Unibertsitateko Aditua” graduondoak bertan parte hartu dutenen % 69 laneratzea lortu du, Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren 2019. urteko jarduera-oroitidazkiaren datuen arabera. Ekitaldi horretan, 1.027 prestakuntza egonaldi egin ziren Espainian eta 57 nazioartean, konpainia eta erakundeekin egindako ia 500 aliantzari esker.

Graduondoko prestakuntza horren izena Programa TalentUPna da, eta lan-merkatuak gehien eskatzen dituen gaitasun profesionalei buruzko prestakuntza akademikoa eskaintzea du helburu. Erakunde laguntzaile bateko esperientzia-prestakuntzarekin konbinatuta, ikasleen enplegagarritasun-aukerak areagotzen ditu. Programa horretan izena emateko deialdia irekita dago unibertsitateko tituludunentzat edo graduko azken ikasmailako ikasleentzat, gehienez ere irakasgaien hamabi ECTS kreditu edo ikasketen amaierako lana geratzen bazaie egiteko. Programa hori gainditzen dutenek Zeharkako Gaitasun Profesionaletako Espezializazio Diploma lortzen dute. Edonola ere, aukera dago soilik Prestakuntza Akademikoko Plana egiteko NUPen (hamabost ECTS). Hori eginez gero, Zeharkako Gaitasun Profesionaletako Unibertsitateko Aditua titulua lortzen dute. 

Gainera, NUPeko Unibertsitateko Enplegu Zerbitzuak, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatutakoak, lan orientazioko zerbitzuak eman zizkien 1.268 pertsonari eta 1.790 hautagai izan zituen lan kualifikatuaren eskaintzetarako. Halaber, Enplegurako eta Ekintzailetzarako XIII. Topaketak, ikasle eta tituludunak biharko enplegatzaileekin harremanetan jartzeko urteko azokak, osotara 1.271 inskripzio eta 74 enpresa eta entitate parte-hartzaile izan zituen bere bertsio presentzialean, eta ia 7.000 bisita, bertsio birtualean.


Prestakuntza eta hizkuntzak


Unibertsitate-Gizarte Fundazioko Etengabeko Prestakuntzarako Zerbitzuak 177 prestakuntza-ekintza kudeatu zituen, eta osotara 2.559 pertsonak eman zuten izena jarduera horietan. Horien artean, enpresa eta erakundeen eskariz diseinatutako zazpi prestakuntza-ekintza eta beste hamalau titulu bereki daude. Horietako lau NUPeko graduko ikasketekin batera egiten ahal dira.

Era berean, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak, Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren mendekoak, ingeleseko, frantseseko, alemaneko, txineraeko eta atzerritarrentzako espainierako 800 ikasle izan zituen. 2019-2020 ikasturtean abian jarri zen ikastaro malguen modalitate berria finkatu egin da, eta, beraz, 2020-2021 ikasturtean, ikastegiko ikasleek 13 talde dituzte dagoeneko modalitate horretan.

Azkenik, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak kudeatutako diploma ofizialak lortzeko azterketetan 1.955 pertsonak hartu zuten parte (TOEFL, ingelesekoa; DELF/DALF, frantsesekoa; HSK eta HSKK, txinerakoak; eta DELE eta CCSE, espainierakoak).