Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ELIKOS ikerketa-taldeak egindako ikerketak erakutsi du 8 eta 16 urte bitarteko Nafarroako neska-mutilak egunean 90 minutu gutxiagoz aritu direla ariketa fisikoa egiten konfinamenduan, eta 2 ordu gehiagoz egon direla pantailari begira. Ikertzaileen esanean, egoera sozial kalteberan dauden haurren artean are nabarmenagoak izan dira aldaketa horiek. “Pediatric Obesity” aldizkari zientifikoan argitaratu da ikerketa.

zoom sesión de valoración

Ikerketan egindako balorazio bilera bat

“Changes in lifestyle behaviors during the COVID-19 confinement in Spanish children: A longitudinal analysis from the MUGI Project” du izena, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako Departamentuak finantzatu du. Ikertzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoko ELIKOS taldeko Cristina Cadenas-Sánchez, Maddi Oses Recalde, Lide Arenaza Etxeberria eta Idoia Labayen Goñi dira (IS-FOOD institutuari atxikiak), eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko María Medrano Echeverría eta María Amasene Ugalde.

“COVID-19aren pandemia dela-eta alarma-egoeran hartutako neurriek ondorio nabarmenak izan dituzte haurren ariketa fisikoaren mailan, egoneko bizimoduan eta osasun fisiko eta mentalean”, esan du Idoia Labayen Goñi Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ELIKOS taldeko zuzendariak (Elikadura, Ariketa Fisikoa eta Osasuna).

“Datuak kezkagarriak dira; izan ere, Nafarroako eskola-ikasleen populazio adierazgarri bat ikertu dugu konfinamenduan, eta konfinamenduaren aurretik ere oso altua zen ikasle haien prebalentzia ariketa fisikorik ez egiteari (% 60), pantailak denbora gehiegiz erabiltzeari (% 61) eta dieta mediterraneoari atxikimendu txikia izateari (% 77) dagokienez. Faktore horiek handitu egiten dute gaixotasun kroniko ez-kutsagarriak izateko arriskua”, esan du ikertzaileak.

Hasierako ebaluazioetan ikasleen artean desparekotasun sozialak bazirela ikusi zuten ikertzaileek, eta aztertu zuten haurren zein populazio zen ahulena obesitatea eta beste gaixotasun kroniko ez-kutsakorrak garatzeko. Zehazki, batez ere hezkuntza maila baxuagoko familietako eta atzerritik etorritako familietako haurrengan izaten da nabarmena ariketa fisiko gutxi egitea, pantailekin denbora gehiegi pasatzea, dieta mediterraneoari atxikimendu txikia izatea eta egoera fisiko txarra izatea. COVID-19aren pandemia baino lehen, kolektibo horretako haurren % 39k zuen gehiegizko pisua edo obesitatea.

Obesitatearen pandemia

Adituen ustez, haurren obesitatea pandemia global bat da, eta arriskuan jartzen du ongizate kolektiboa eta gizarteen garapena bai herrialde garatuetan bai garatze bidean direnetan. Munduko Osasun Erakundeak dioenez, giza osasunerako arrisku faktore kezkagarrienetako bat da haurren obesitatea, eta baliteke horrek hurrengo belaunaldien bizi-itxaropena txikiagotzea. Haurrak gizenegi egoteak hainbat osasun arazo ekar ditzake bai epe motzean, hots, haurtzaroan, bai epe luzean, hau da, helduaroan. Izan ere, areagotu egiten du haurrek txikitan gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa eta gibel koipetsua edukitzeko arriskua. Bizi kalitateari ere dezente eragiten dio, eta arazo psikologiko eta sozialak sortzen ditu.

NUPeko ikerketaren emaitzek agerian utzi dute COVID-19agatiko konfinamenduak ondorio negatiboak eragin dituela haurren eta nerabeen bizimoduan, nahiz eta haien bizimodua kezkagarria zen pandemia baino lehen ere. “Hezkuntzako eta osasun publikoko erakundeek kontuan hartu beharko lituzkete ikerketaren datuak haurrak COVID-19arengandik babesteko etorkizunean diseinatzen diren estrategietan”, esan dute ikertzaileek.

Gainera, ikertzaileen ustez, arreta berezia eman beharko litzaieke egoera sozial kalteberan daudenei, eta “obesitatearen prebentziorako osasun publikoko politikak ezarri beharko lirateke, ariketa fisikoa bultzatzeko eta bizimodu osasuntsuak ikasteko balio dutenak”.