Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuak (IS-FOOD), Nafarroako Elikagai Bankuarentzat (NEB) egindako ikerketan, neurtu egin du erakunde solidarioak bere jardunaren ondorioz botatzen duen janaria gutxitzeak zer-nolako mesedea egiten dion ingurumenari. Zehazki, ikerketaren emaitzek diotenez, 4.568 eta 4.157 tona CO2; baliokide igortzea ekidin zuen 2018an eta 2019an, hurrenez hurren (CO2e, berotegi efektuko gasen emisioen emaitzak adierazteko neurri unitatea). Urte horietan, elikagai bankuaren jarduerak 147 eta 148 tona CO2e produzitu zituen, hau da, ingurumenera igortzea saihestu zuena baino askoz ere gutxiago.
Ezkerretik eskuinera: Joaquín Fernández Eraso Nafarroako Elikagai Bankuaren presidentea, María José Beriáin Apesteguía IS-FOODen zuzendaria, eta Maite Martínez Aldaya IS-FOODeko ikertzaile eta ikerketaren egileetako bat.
Maite Martínez Aldaya, Beatriz Soret Lafraya eta Alejandra Armijos Piedra ikertzaileek egin dute ikerketa, “La huella de carbono de las actividades del Banco de Alimentos de Navarra” izenekoa, eta xehetasunez azaltzen dute zein den erakundeak sortutako berotegi efektuko gasen emisioen jatorria: “zeharkako emisioak (emaileen elikagaiak bankura eramateak, elikagaiak erakunde sozialetara garraiatzeak, eta boluntarioen joan-etorriek eragindako emisioak) 121 tona CO2e izan ziren, hau da, guztizko emisioen % 82”. Xehetasunei erreparatuz gero, emisio horiek lotura dute “elikagaien garraioarekin batik bat (% 60), eta, neurri txikiagoan, boluntarioen eta kontratupeko langileen joan-etorriekin (% 36) eta elikagai bankuaren produktu- eta zerbitzu-erosketekin (% 3)”.
Ikerketaren ondorioa da Nafarroako Elikagai Bankuak “kudeatzen duen janariaren parte handi bat xahutzea saihesten duela”, eta, hori eginen ez balu, “aprobetxatzen ez dituen produktuen hondakinak —organikoak batik bat— kudeatu eta ezabatu beharrak berotegi efektuko gasak igorriko lituzkeela”; gainera, horri gehitu egin beharko litzaizkioke bankurik ez balego janari-hartzaileek elikatzeko beharko lituzketen elikagaiak ekoizteak sortutako emisioak.
Txostena aurkezteko ekitaldian Nafarroako Gobernuko kide hauek izan dira: Itziar Gómez López Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Ana Burusco Juandeaburre Unibertsitateen zuzendari nagusia eta Andrés Carbonero Martínez Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusia. Bestalde, ikerlanean lankidetzan aritu diren bestelako erakundeen aldetik, Amaya Larraya Marco Eguesibarko alkateak eta “laCaixa” Fundazioko zenbait ordezkarik ere hartu dute parte.
IS-FOOD, elikagaiak xahutzearen kontra
IS-FOOD institutuaren helburua da elikagai kate osoan zehar elikagai seguruak, jasangarriak eta osasuntsuak produzitzea, sustatzea eta arlo horretan berrikuntza txertatzea, lehengaiak sortzen direnetik kontsumitzailearengana iristen diren arteko etapa guztietan, eta ingurumena errespetatzen duten produkzio sistemak erabiltzea horretarako. Honako hiru ardatz nagusi hauetan sailkatzen dira ikerketa-lerroak: giza elikaduraren erronka XXI. mendean, produkzio jasangarria eta elikagaien kalitatea, eta nekazaritzako elikagaien berrikuntza.
“Asko eskertzen diogu Nafarroako Elikagai Bankuari ikerketa hau egin izana, baliagarria baita berotegi efektuko gasen emisioak murriztea bultatzeko eta elikagai gutxiago alferrik galtzeak ingurumenari nolako onura dakarkion erakusteko, eta, azken batean, kontsumo arduratsuagoa bultzatzearren, eta aurrera egitearren elikadura sistema jasangarriago baterantz. Halako ekimenen bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ingurunearen aurrerabide jasangarria bultzatzeko duen konpromisoa betetzen du, zeina Plan Estrategikoan jasoa baitu eta bat baitator Espainiako eta nazioarteko ekimenekin”, esan du María José Beriáin Apesteguía IS-FOODen zuzendariak.
Nafarroako Elikagai Bankua
Nafarroako Elikagai Bankua fundazio bat da, 25 urteko eskarmentua du, eta eginkizun erabakigarri hau: bestela aprobetxatuko ez liratekeen elikagaiak berreskuratzea, eta bitartekari lanak egitea doan irits daitezen gure komunitateko jende behartsuenarengana.
Erakunde batek bere jardunaren ondorioz atmosferara igortzen duen berotegi efektuko gasen kantitatea karbono aztarnaren bidez neurtzen da. Elikagai bankuak kudeatzen dituen elikagaien % 70 —zehatz-mehatz 2.434 tona 2019an— botatzekoak, laster iraungiko direnak eta/edo ontziratze akatsak dituztenak dira, eta, bankuak aprobetxatuko ez balitu, alferrik galduko lirateke hondakindegietan, konpostatze tratamenduetan, erraustegietan eta antzekoetan. Horrek eraginen lituzkeen prozesu kutsatzaileek, gainera, berotegi efektuko gasen emisioak sortuko lituzkete.