Joan eduki nagusira

Amerikako, Europako eta Asiako hamar herrialdetako 18 unibertsitatetako 918 ikasle konektatu ziren 2019-2020 ikasturte amaitu berriaren bigarren seihilekoan Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) elektronika digitaleko urruneko laborategira. Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko graduetarako garatu zuen NUPek azpiegitura hori. Ikasleak Arrosadiko campusean (Iruña) dagoen benetako laborategi batera konektatzen dira Internet bidez, eta prototipo elektronikoak diseinatzen ikasten dute, hala nola erloju digitala edo telebista-seinaleen deskodetzaile bat, ekipamendu horretara jarraibideak bidalita sartzen direnean.

Laborategia Cándido Aramburu Mayoz Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleak bultzatu du, eta EdTech LabsLand euskal enpresarekin eta Sao Pauloko Unibertsitatearekin (Brasil) lankidetzan garatu da. Hamazazpi herrialdetako beste 55 ikasleren unean uneko sarrerak ere izan zituen, eta, horrenbestez, 973 erabiltzaile izan ditu osotara. Osotara, 30.237 erabilera zenbatu dira.

zoom alumnos en clase

Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko Sistema Digitalak I irakasgaiaren klasea, NUPen

Ia mila parte-hartzaileen artean daude, halaber, Sistema Digitalak I irakasgaiko 95 ikasleak. Irakasgaia NUPeko bi gradutako (Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritza eta Ingeniaritza Biomedikoa) lehen ikasmailako bigarren seihilekoan ematen da, eta irakasle hauek dira arduradunak: Ignacio del Villar Fernández (ingelesez), Marko Galarza Galarza (euskaraz) eta Cándido Aramburu (gaztelaniaz). Irakasgai hori elektronika digitalerako sarrera bat da, eta, beraz, eskola teorikoez gain, laborategiko praktikak ere baditu, ikasleek prototipo elektronikoak egiten ikas dezaten, hala nola kontagailu digital bat, batutzaile bat edo lehen aipatutakoak. Horretarako, ikasleek EDA (Diseinu Elektronikoaren Automatizazioaren ingelesezko siglak) izeneko software-tresnak programatzen eta logika programagarriaren bidez zirkuituak diseinatzen ikasten dute.

NUPeko laborategiarekin konektatu diren 918 pertsonak hamar herrialde hauetako unibertsitateetatik zetozen: Alemania, Brasil, Kolonbia, Espainia, Estatu Batuak, Herbehereak, India, Irak, Jordania eta Malaysia. Unean uneko sarreren artean, besteak beste herrialde hauetako erregistroak daude: Argentina, Australia, Ekuador, Britainia Handia eta Italia.

“Online” lan egitea, laborategi fisikoa balitz bezala

Urruneko laborategiaren bidez, ikasleak instalazio fisikoetan erabiliko luketen ekipamendu berera sartzen dira, eta denbora errealean esperimentatzen dute harekin, Interneten beste aldean diseinatu eta programatutakoak nola jokatzen duen ikus baitezakete. Laborategiko praktikak direla-eta ikasle bakoitzak lan estazioak eduki behar ditu (ordenagailuak, txartelak eta plaka elektronikoak), eta denbora mugatua eduki behar da ariketa praktikoak modu presentzialean egiteko. Aramburu irakasleak dioenez, “logika programatuaren bidez sistema elektronikoak diseinatzeko urruneko laborategiarekin, oztopoak desagertu egiten dira”. “Ikasleak beren etxetik konektatzen ahal dira, edozein ordutan, beren prototipoekin lan egiteko”, erantsi du.

Elektronika Digitalaren Laborategiaren ekimena saritu zuten REV Nazioarteko XVII. Biltzarraren (Urrutiko Ingeniaritza eta Instrumentalizazio Birtuala) azken saioan, zeina urte hasieran egin baitzen Georgiako Unibertsitatean (Estatu Batuak).