Gemma Lacuey Lecumberri kardiologian espezializatutako medikuak doktoretza-tesia irakurri berri du NUPen. Lan horretan, gehiegizko pisua edo obesitatea duten paziente sedentarioei indoor bizikleten bidez banakako ariketa-programa bat aplikatzearen ondorioa aztertu du (taldeko ariketa, musikaren erritmoari segituz). Lortutako emaitzen artean, parte-hartzaileen profil metabolikoa eta kardiobaskularra hobetu zen, baita beren bizi-kalitatea ere; gainera, programarekiko atxikimendu-tasa handia lortu zen.
Proposatutako programa intentsitate ertaineko ariketa aerobiko jarraituaren (MICT) eta intentsitate handiko tartekako ariketaren (HIIT) konbinazioan oinarritu zen. Osotara 68 pazientek hartu zuten parte, eta banakako entrenamendu-plan bat egin zitzaien indoor bizikletaren bidezko jarduera kolektibo baten bitartez, kiroldegi batean. “Teknologia aurreratuko zikloergometro bat erabili zen (bizikleta bat), eta, horri esker, ariketa-plana zorrotz eman ahal izan zen: 45 minutuko saioak, astean 3 egunetan eta 12 astez”, azaldu du Gemma Lacueyk.
12 aste horietan izandako aldaketak ez ziren desberdinak izan gizonen eta emakumeen artean, eta gorputz-osaeran (pisua gutxitzea, gorputz-masaren indizea eta gorputz-koipearen eremua) nahiz profil metabolikoan islatu ziren. Gainera, gaitasun funtzionalari dagokionez, pazienteek zenbait parametro handitzea lortu zuten: ariketa-denbora, lortutako lan-karga (wattetan), bihotz-maiztasunaren errekuperazioa esfortzuaren osteko lehen minutuan eta oxigeno-kontsumoaren maila gorena.
Era berean, bizi-kalitateari buruzko parametroak aldatu egin ziren ariketa fisikoko programa bete ondoren: eguneroko jardueretan arazoak dituzten pazienteen ehunekoa % 30etik % 2ra murriztu zen; mina % 65etik % 31ra, eta antsietatea edota depresioa, berriz, % 43tik % 13ra.
Prebentzioa eta osasunaren sustapena
“MICT/HIIT banakako ariketa-programa indoor bizikletaren bidez aplikatzearen ondorioa” izeneko doktoretza-tesiak Juan Manuel Casas Fernández NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko Medikuntzako irakasle titularra izan du zuzendari, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du.
Ondorioen artean, Gemma Lacueyk nabarmendu du “gehiegizko pisua duten paziente sedentarioentzat eraginkorra eta segurua dela esku hartzeko estrategia bat aplikatzea oinarrizko laguntzaren eremuan oinarritutako banakako ariketa fisikoaren bidez”.
Bere ustez, azterketaren emaitzek “babestu egiten dute aholku generikoak alde batera uzteko gomendioa komunitatearen osasunaren prebentzioan eta sustapenean aurrera egiteko”, eta “berretsi egiten dute tabakismoari aurre egiteko premia sedentarismoari aurre egiteko, horixe baita ariketa-programarekiko atxikimendurik ezari lotutako faktoreetako bat”.
Gemma Lacuey Medikuntzan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean (2006), baita Kardiologiako mediku espezialista (Nafarroako Ospitalegunea, 2011) eta Osasun Zientzietako doktorea ere (NUP, 2020). Zenbait gairi buruzko masterrak egin ditu: Irudi Kardiakoa, Biriketako Hipertentsioa, Prebentzio Kardiobaskularra eta Errehabilitazio Kardiakoa, eta Zainketa Kardiako Akutuak. Hainbat ikerketa klinikotan hartu du parte ikertzaile nagusi gisa, bai Estatuan, bai nazioartean, eta hainbat hitzaldi eman ditu ikastaro eta kongresuetan, baita liburu eta aldizkari zientifikoetan artikuluak argitaratu ere. Gurutze Gorriko boluntarioa da, eta, gaur egun, mediku espezialista laguntzaile gisa egiten du lan Nafarroako Ospitalegunean, prestakuntza-ikastaroetan irakasle izateaz gainera.