Guztira, 11 herrialdetako 42 ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egingo dute 2020-2021 ikasturteko udazkeneko seihilekoa Unibertsitateak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko programa diferenteen bidez.
Ikasleak NUPen sartu dira abuztuaren amaieratik, eta ongietorri-jardunaldi bana egin da, Jorge Elso Torralba Nazioartekotze eta Lankidetza errektoreordea buru zela. Gainera, unibertsitateko egonaldian egin ditzaketen ikasketen edukiari eta kultur eta kirol jarduerei buruzko informazio hitzaldiak eman zaizkie.
NUPera etorri diren trukeko ikasle atzerritarretako batzuk, argazkia ateratzeko jarrita Jorge Elso Torralba Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordearekin (erdian).
Gazte atzerritarrek Buddy programan parte hartzen duten NUPeko 24 ikasleren laguntza izango dute lehen seihilekoan. Harrera ekimen horretan, NUPeko ikasleek laguntza ematen diete atzerritarrei, dela Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen, dela beste zenbait kontutan, hala nola bizilekua bilatzen eta zenbait tramite egiten. Unibertsitateak ikasle atzerritarrei seihileko bakoitzean egiten dien ongietorriaren osagarria da ekimen hori. Harrera egiteko beste zerbitzu bat espainierako doako ikastaro trinko bat da, astebetez egiten dena Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian.
Nondik etorri dira ikasleak?
Nazioarteko 42 ikasleak (28 emakume eta 14 gizon) 11 herrialdetakoak dira, gehienak Europakoak. Zehazki, hauek dira herrialdeak: Alemania (5), Austria (3), Belgika (1), Kolonbia (1), Frantzia (22), Herbehereak (2), Hungaria (1), Italia (2), Mexiko (1), Txekiar Errepublika (3) eta Taiwan (1).
Programa motaren arabera, Erasmus+ programako 38 ikasle daude (Europar Batasuneko eta beste herrialde batzuetako ikasleekin trukea egiteko). Horiei gehitu zaizkie Nafarroako Unibertsitate Publikoko beste bi programa bereki (Palafox, Latinoamerikarekin trukea egiteko, eta Martin de Rada, Asiarekin eta Pazifikoarekin trukea egiteko). Seihileko honetan ikasle bana izango dute, bata Kolonbiakoa eta bestea Taiwanekoa. Azkenik, bi ikasle bisitari daude, NUPera Txinatik eta Txekiar Errepublikatik etorritakoak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 50 herrialdetako goi mailako hezkuntzako 300 erakunderekin hitzarmenak sinatu dituelako daude martxan truke-programa hauek guztiak. Bestalde, gogoan izatekoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Espainia osoko emaitza kualitatiborik onenak lortu dituela Europar Batasuneko kide ez diren herrialdeekiko mugikortasun deialdian, 2018-2020 aldirako Erasmus+ programaren esparruan
Atzerriko ikasleetatik 7 Nafarroako Unibertsitate Publikoan geldituko dira udaberriko seihilekoan ere, zeina hurrengo urteko urtarrilaren amaieran hasiko baita.