Joan eduki nagusira

Alicia Garrón Rodríguez, Erizaintzan graduatua Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2019an, 69. postuan gelditu zen 11.981 izangairen artean Barneko Erizain Egoiliarrentzako azterketako azken deialdian (BAEE); 1.463 postu eskaini ziren guztira deialdi horretan. Eskainitako postuetatik, Alicia Garronek emagin gisa prestatzea erabaki du, eta, irailetik aurrera, Nafarroako Ospitalean arituko da Erizaintza Obstetriko-Ginekologikoko espezialitatea ikasteko.

zoom Alicia Garrón Rodríguez

Alicia Garrón Rodríguez, NUPeko Erizaintzako graduduna

BAEEa Erizaintzako karrera osoko edukiei buruzko azterketa bat da, estatu mailakoa. Urtero egiten da autonomia-erkidegoetan, eta Erizaintzako graduatuei aukera ematen die gaur egun garatutako espezialitateetako batean prestakuntza jasotzeko. Espezialitate horiek egoitza-sistemaren bidez egiten dira, prestakuntzako kontratu ordaindu baten bidez.

Azterketa prestatzeko, Alicia Garronek akademia batean eman zuen izena, ikastaro presentzialaren modalitatean. “Apirilean hasi nintzen klaseetara joaten, baina une horretan Erizaintzako Gradua amaitzen ari nintzenez, benetan ez nintzen ikasten hasi 2019ko maiatzaren bukaera edo ekainaren hasiera arte”. Azaldu duenez, “akademiaren aholkuei jarraitu nien, eta uda horretan gaien apunteak irakurri eta irakurri aritu nintzen, haietara ohitzeko. Irailetik aurrera ikasketaren fase intentsiboa hasi nuen, eta, hirugarren fase batean, azken errepasoa egin nuen”.

BAEE azterketa, test motakoa, aurtengo urtarrilaren amaieran egin zen, eta 185 galdera izan zituen, izangaiek gehienez ere lau orduan erantzun beharrekoak. “Pentsatzen dut gakoa apunteetara behin eta berriz itzultzea izan zela informazioa finkatzeko, testak eta azterketen simulakroak egiteaz gain”, dio erizainak.

Emagina Nafarroako Ospitalegunean

Alicia Garronek Erizaintza Obstetriko-Ginekologikoaren espezialitatea (emagina) aukeratu du Nafarroako Ospitalegunean, eta irailaren amaieran hasi beharko du lanean. Bertan bi urtez egonen da barneko erizain egoiliar gisa.

Emagina osasun-arloko profesionala da, eta emakumearen sexu-, ugalketa- eta amatasun-osasunari arreta integrala ematen dio, prebentzioari, sustapenari eta osasuna zaintzeari eta berreskuratzeari dagokienez. Horren barruan sartzen da amari arreta ematea haurdunaldian (diagnostikoa, kontrola eta asistentzia) eta erditze eta erdiberriaro normalean, baita seme edo alaba jaioberri osasuntsuari ere, bere bizitzako 28. egunera arte.

Emaginaren jarduera-eremuak Oinarrizko Osasun Laguntza (osasun-etxeak, erkidegoa, familia eta etxea) eta Arreta Espezializatua (ospitalea edo haren mendeko beste eremu batzuk) hartzen ditu. Halaber, sektore publikoan nahiz pribatuan aritzen ahal dira, besteren kontura edo beren kontura.