Joan eduki nagusira

María Pilar Garde Luquek eta Jon Mariñelarena Ollacarizquetak Telekomunikazio Ingeniaritzako Gradua eta doktoretza Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin zuten, eta Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialak (COIT) tesirik hoberenari emandako saria eskuratu dute. Aipatu erakundea nazio mailakoa da, eta sarien edizioa XL.a. Ibai Calero Fernándezen master amaierako lana ere saritu du elkargoak. 

María Pilar Garderen tesiak “Konektagarritasun jasangarrirako berrikuntzaren arloan egin den doktoretza-tesi hoberenari” emandako Ericsson saria eskuratu zuen. Bere ikerketan, zeina Antonio Lópezek zuzendu eta nazioarteko aipamena baitzuen, kontsumo oso baxuko zirkuitu integratu berriak diseinatu zituen energiaren ikuspegitik autonomoak ziren gailuentzat, hala nola Gauzen Interneteko egoera askotan erabilitakoentzat. 

zoom Pilar Garde Luque

Pilar Garde Luque

Bestalde, Jon Mariñelarena Ollacarizquetaren tesiak  “Teknologiako eta Hezkuntzako Doktoretza-tesi hoberenari” emandako Telefónica Fundazioa saria eskuratu du. Alayn Loayssa Larak zuzendutako doktoretza-lanean, hobekuntzak proposatu ditu industria-aplikazioetan erabiltzen diren zuntz optikoan banatutako sentsoreetarako. 

zoom Jon Mariñelarena Ollacarizqueta

Jon Mariñelarena Ollacarizqueta

Gobernuaren satelite zerbitzuetako master amaierako lan hoberena 

Bestalde, Ibai Calero Fernándezen lanak “Gobernuaren satelite zerbitzuetako master amaierako lan hoberenari” emandako HISDESAT saria eskuratu du. Iván Arregui Padilla eta Israel Arnedo Gil irakasleek zuzendutako ikerketan, uhin angeluzuzeneko teknologian egitura iragazleak garatzen lan egin du, lotura aeroespazialetan erabili ohi diren X-Ku irrati-maiztasuneko bandetan lan eginez. Hala, hainbat diseinu eta prototipo sortu dituen diseinu-metodo bat garatu du. “Horrek guztiak egitura horien diseinuko ohiko arazoak konpontzea izan du helburu, garapen-denborak murrizten dituen eta garatzaileari lana errazten dion metodoa eskainiz”, azaldu du sarituak.  

zoom Ibai Calero Fernández

Ibai Calero Fernández

Gainera, egiturak trinkotzen eta haien pisua murrizten lan egin du, industria aeroespazialean ezinbesteko baldintzak baitira. “Lanak balio izan du industriaren ohiko zehaztapenei irtenbidea emateko eta proposaturiko metodoaren bidez iragazkiak garatzeko aukera eskaintzeko industria aeroespazialeko ohiko simulazio elektromagnetikoko tresnak erabiliz”, ondorioztatu du saritutako master amaierako lanaren egileak.