Guztira 9.140 pertsonak egin dute 2020-21 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) gradua egiteko aurreinskripzioa. Aurreko ikasturtean 5.048 pertsonak egin zuten. Zehazki, Medikuntza da eskaeren kopururik handiena eta gehikuntzarik handiena izan duena (3.255; aurreko ikasturteko eskaerak halako hiru, 986). Atzetik datoz Erizaintza, aurreko ikasturteko eskaera kopurua halako birekin (1.230 eta 653 eskaera hurrenz hurren), Bioteknologia (286 eta 145 eskaera hurrenez hurren) eta Psikologiako Gradua (518 eta 368 eskaera hurrenez hurren). Gehikuntza handiak izan dituzte, halaber, Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Graduak (323 eta 221 eskaera hurrenez hurren), Fisioterapiako Graduak (410 eta 305 eskaera hurrenez hurren) eta Zuzenbideko Graduak (227 eta 154 eskaera hurrenez hurren).
Jatorriari dagokionez, NUPen historian lehen aldiz, Nafarroatik kanpoko ikasleek egindako aurreinskripzio kopurua Foru Komunitateko ikasleena baino handiagoa da (Nafarroatik kanpoko ikasleen 5.906 eskaera eta ikasle nafarren 3.234 eskaera hurrenez hurren). Nafarroatik kanpoek gehien eskatutako graduak Medikuntza eta Erizaintza dira, 3.075 eta 909 eskaerarekin hurrenez hurren (aurreko ikasturtean, Nafarroatik kanpoko ikasleen artean, 722 eta 418 eskaera izan zituzten hurrenez hurren).
Gehikuntza orokorra eta emakume gehiago, eskaera gehien izandako graduetan
Eskatzaileen sexuari dagokionez, eskaera guztien gehiengoa emakumeena da (6.181) eta gehiengoa dira, halaber, aipatu ikasketa eskatuenetan: 2.435 Medikuntzan, 1.057 Erizaintzan, 182 Bioteknologian eta 443 Psikologian. Bestalde, ingeniaritzetan oraindik ere gizonezkoen eskaerak dira nagusi, Ingeniaritza Biomedikoan izan ezik; izan ere, ikasketa horietan, 154 eskaeretatik 96 emakumeenak dira. Haur Hezkuntzako Irakasletzan, 232 eskaeretatik 205 emakumeenak dira eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzan 323 eskaeretatik 200. Zuzenbideko Graduan ere emakumeen eskaera gehiago daude, 155 eta 72 hurrenez hurren.
Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordearen hitzetan, NUPen ikasteko interesaren erakusgarri dira kopuruak, eta hori pozgarria da Unibertsitatearentzat. Bestalde, “aurten, bai ikasturtearen amaieran, bai USEan ohiz kanpoko egoera izan da, eta, ondorioz, ohiko deialdian proba egin duten pertsonen kopurua handitu egin da. Horrek azaltzen du, hein batean, zergatik egin diren horrenbeste aurreinskripzio”, azaldu du. “Gazteen artean, agerikoa da, eta are nabarmenagoa da aurten, osasunarekin lotutako titulazioekiko interesa”, erantsi du.
Sarbide berriko 2.020 ikaspostu 25 gradutarako eta sei gradu bikoitzetarako
NUPek sarbide berriko 2.020 ikaspostu eskaini ditu heldu den ikasturtean bere 25 gradu eta sei gradu bikoitz ikasten hasteko. Graduei dagokienez, aurreko ikasturteko kopuru bera da, baina gradu batzuetan areagotu egin da hizkuntzak, aipamenak eta tituluak ikasteko eskaintza.
Aurreinskripzioa egindako ikasle onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 31tik aurrera argitaratuko da, eta ikaspostua lortzen dutenek abuztuaren 5eko 09:00etatik 7ra bitarte egin beharko dute "online" matrikula, ikasiko duten graduaren arabera. Matrikula egiteko jarraibideak eta matrikula osatzeko urratsak Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal dira. Unibertsitatearen web orrian ere kontsultatzen ahal da titulazioen zerrenda, ikasleek matrikula egiteko duten egunari buruzko xehetasunekin batera