Joan eduki nagusira

Francisco C. Ibañez, María José Beriain, María Remedios Marín, Mercedes Sánchez eta Gorka Merino Nafarroako Unibertsitate Publikoko IS-FOOD Ikerketa Institutuko ikertzaileek, Inmaculada Gómez Burgosko Unibertsitateko ikertzailearekin batera, metodo bat garatu dute elikagaien testura garun-paralisiarekin lotutako disfagia duten pertsonen beharretara egokitzea ahalbidetzen duena. Lana Innovative Food Science and Emerging Technologies eta International Journal of Food Properties aldizkari zientifikoetan argitaratu da, eta “Platos de base proteica texturizados, nutritivos, saludables y adaptados a la disfagia” proiektuaren barruan dago. Honako hauek ere hartzen dute parte proiektuan: Fundación ASPACE Navarra Residencial (FANR) eta Irigoyen Comedor Saludable S.L. (ICS).

zoom ikertzaileak

Ezkerretik eskuinera, María Remedios Marín, Francisco C. Ibáñez, Gorka Merino eta María José Beriain ikertzaileak

Disfagia duten pertsonek (irensteko zailtasuna edo ezintasuna dutenek) ezin dute modu seguru eta eraginkorrean jan eta edan, eta arrisku handiagoa dute desnutrizioa eta deshidratazioa izateko, baita itotzeko ere eztarria trabatzeagatik. Tradizionalki, disfagia adineko pertsonekin lotu izan da, baina prebalentzia handiena duten taldeetako bat garuneko paralisia duten pertsonena da (% 60-80), eta Espainian 120.000 bat pertsonari eragiten die.

Ikertzaile-taldeak FANReko logopedekin eta ICSeko sukaldeko langileekin lankidetzan garatu duen metodoari esker, elikagaien testura eraldatu eta askotariko menu erakargarriak dituzten platerak sortu ahal izan dira nutrizio-beharrak asetzeko. “Testura guztiz egokitzen da garun-paralisiarekin lotutako disfagia duten pertsonen beharretara. Gainera, metodo horrekin plater prestatuak eta berotu daitezkeenak egiteko aukera dago, kontsumitzeko prest eta garestitu gabe, orain arte lortu ez zena”, azaldu du María José Beriain Apesteguíak (NUPeko Nutrizio eta Bromatologiako katedraduna eta IS-FOOD erakundeko zuzendaria).

Segurtasuna eta nutrizio kalitatea

Metodo berri horren bidez lortutako testurei esker lortzen den irensteko segurtasuna berretsi egin zen proiekturako berariaz garatutako analisi sentsorial baten bidez. Era berean, onarpen-proba bat egin zen —garun-paralisiarekin lotutako disfagia zuten pertsonekin—, eta plater berrien arrakasta berretsi zuen, parte-hartzaileen artean onarpen zabala izan baitzuten.

Lortutako emaitzak elikagaien zientziaren eta teknologiaren esparruko bi aldizkari zientifikotan argitaratu dira. Horretaz gainera, oinarri gisa erabili ziren spin-off-aren ekintzailetza proiektu honetarako: “Texture adapted: texturas adaptadas a la disfagia: investigación y desarrollo de productos destinados a la disfagia”, “Premios Iníciate 2020” sariketan finalista izan dena. Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroak (CEIN) bultzatu du proiektua.

“Proiektu honen emaitzei esker, aukera berriak irekitzen dira disfagia duten pertsonen elikaduraren arloan –dio María José Beriainek– Berotu daitezkeen lehen eta bigarren platerak egin daitezke, eta haien segurtasun- eta nutrizio-ezaugarriak gorde, bai eta ezaugarri organoleptikoak ere. Eta horrek guztiak garun-paralisia duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du, haien gizarteratzea errazten baitu, beren ingurukoekin mahaian esertzen baitira”.

Proiektua

Fundación ASPACE Navarra Residencial  du buru “Platos de base proteica texturizados, nutritivos, saludables y adaptados a la disfagia” proiektuak, eta Nafarroako Gobernuak finantzatu du I+G-erako Eskualde Garapeneko Europar Funtsen bidez (FEDER), jakintzaren transferitzeko 2017ko deialdian.

Garun-paralisiarekin lotutako disfagia duten pertsonei testura egokiko platerak, haientzat arriskutsuak izango ez direnak, emateko premiak sortu zuen NUP (IS-FOOD), Fundación ASPACE Navarra Residencial (FANR) eta Irigoyen Comedor Saludable S.L. (ICS) erakundeen arteko partzuergoa.