“Familiak: gizarte-bazterkeria eta segurtasun-guneak” (FSEPS) europar proiektuan prestakuntza emanen duten pertsonak prestatzeko bi saio egin ditu NUPek dagoeneko. Sei herrialdetako erakundeek hartzen dute parte proiektuan, eta helburu zehatz bat dute: programa bat sortzea genero-indarkeriatik bizirik atera diren eta harrera-baliabideak erabiltzen dituzten ama eta seme-alabei laguntza aktiboa emateko, eta gizarte-isolamenduari aurre egiten eta amaren eta seme-alaben arteko lotura berreskuratzen laguntzea.
Erresuma Batuko Birmingham City University da proiektuaren koordinatzailea, eta sei herrialdetako unibertsitate, harrera-etxe eta gizarte-erakundeek osatzen dute lantaldea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa (Espainia), Birmingham City University eta Staffordshire Women’s Aid (Erresuma Batua), Lamoro (Italia), die Berater (Austria), AVODP (Bulgaria) eta CPIP (Errumania).
Honako hauek osatu dute NUPeko taldea, Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko ikertzaile eta irakasleak denak: Izaskun Andueza Imirizaldu, Patricia Amigot Leache, Sara Gordillo Sierra, Rut Iturbide Rodrigo, Rubén Lasheras Ruiz eta Txema Uribe Oyarbide.
Nafarroan, Gobernuaren (Nafarroako Berdintasunerako Institutua) eta Iruñeko Udalaren elkarlanari esker ari dira proiektua aurrera eramaten. 2019ko apirilean, Nafarroako Gobernuaren harrera-baliabideak (harrera-etxeak eta tutoretzapeko etxebizitzak) eta Iruñeko Udalaren DUO programa (“Date un oportunidad”) erabiltzen dituzten emakume eta adingabeen beharrak diagnostikatzeko aurretiazko fasea amaitu zuen NUPeko lantaldeak. Diagnostiko hori honako hauen bidez lortu zen: emakumeen, adingabeen eta profesionalen testigantzak; emakumeei egindako elkarrizketa sakonak; adingabeekin egindako topaketa ludikoak; eta, profesionalen kasuan, talde fokalak eta elkarrizketa pertsonalak.
Programa bakarra herrialde guztientzat
Zenbait herrialdetan egindako diagnostikoak oinarri hartuta, familiei zuzendutako jardueren programa diseinatu da azken hilabeteotan, eta bakarra izanen da parte hartzen duten herrialde guztientzat. Programaren helburua bizitako indarkeria-egoerek eragindako kalteak konpontzea da, amaren eta seme-alaben arteko lotura berrezartzea eta indartzea, eta beste pertsona batzuekin batera bizipen positiboez gozatzea.
Izaskun Andueza NUPeko ikertzaileak azaldu duenez, bost gai lantzen dira 8 lan-saioren bidez: isolamendu soziala, errespetua eta komunikazioa, konfiantzaren eraikuntza, emozioen kudeaketa eta etorkizun positiboak. “Programa honen ezaugarri nagusietako bat malgutasuna da, jarduera ugari eskaintzen baitu, ludikoak zein terapeutikoak, harrera-baliabideek beren behar, interes eta aukeretara gehien egokitzen direnak aukeratu ahal izan ditzaten”.
Prestatzaileen prestakuntza
Staffordshire Women’s Aid harrera-etxeko profesionalek prestatzaileei prestakuntza emateko lehenbiziko ekitaldia gidatu zuten 2019ko azaroan. Proiektuan parte hartzen duten herrialde guztietako ordezkariek hartu zuten parte, eta horiek, halaber, beren herrialdeko beste profesional batzuen prestakuntzarekin jarraitzeaz arduratzen dira, programa modu autonomoan aplikatu dezaten.
NUPeko lantaldeak bi prestakuntza-jardunaldi eman zituen ekainean eta uztailean, Kondestablearen Jauregian, eta hogei bat lagunek hartu zuten parte horietan.
Udan eginen den hurrengo urratsa programa pilotua abiaraztea izanen da, Nafarroako Gobernuaren harrera-etxe batean eta Iruñeko Udalaren DUO programan. Gero, ebaluazioa eginen da, bai Nafarroako esperientziari buruzkoa, bai beste herrialdeetako gainerako parte-hartzaileei buruzkoa. “Azkenik, programaren azken berrikuspena eginen da, eta behin betiko bertsioa online jarriko da eskuragarri, doan, bai eta prestakuntza-pakete bat eta programa ebaluatzeko aukera ematen duten tresna guztiak ere, programa beren baliabideetan inplementatu nahi duten profesional guztientzat”, azaldu du Izaskun Anduezak.