Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) gaur zabaldu du, uztailak 10 (ostirala), 09:00etan, 2020-2021 ikasturteko graduetan aurreinskripzioa egiteko epea, eta hilaren 24an itxiko du, 14:00etan. Unibertsitatearen webgunean egin behar dute eskaera ikasleek, eta eskaintzen diren ikasketa guztiak ere hor kontsultatzen ahal dituzte. Onartutako ikasleen lehenbiziko zerrenda uztailaren 31tik aurrera emanen da ezagutzera, eta abuztuan eginen da matrikulazioa.

zoom ikasle batzuk

Ikasle batzuk, NUPen

Datorren ikasturtean, 2.020 ikaspostu eskainiko ditu NUPek guztira bere 25 graduetan eta sei gradu bikoitzetan, eta aurrekoan baino hizkuntza aukera handiagoa, aipamen eta titulu bereki gehiago izanen dira 2020-2021 ikasturtean.

Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek eta dagoeneko unibertsitateko titulazioren bat dutenek Interneten bidez egin behar dute aurreinskripzioa Unibertsitatearen webgunean adierazitako jarraibideak betez. Datorren ikasturtean zein titulazio egin nahi duten adierazi behar dute ikasleek, gehienez ere sei, lehentasun ordenaren arabera. 

Aurkeztu beharreko dokumentazioa 

Uztailaren 24an bukatuko da dokumentazioa aurkezteko epea, horrelakorik eskatzen bada. Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa (USE) Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin duten Batxilergoko ikasleek ez dute dokumentaziorik aurkeztu behar, ez bada nazioarteko programetako baterako ikaspostua eskatzen dutela (kasu horretan ingeleseko B2 maila dutela egiaztatu behar dute), edo erreserba kupoaren bidez sartu direla. NUPen 25, 40 edo 45 urtetik gorakoentzako proba gainditzen dutenek ere ez dute dokumenturik aurkeztu behar. 

Gorago esan bezala, aurreinskripzioa egindako ikasle onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 31tik aurrera argitaratuko da, eta ikaspostua lortzen dutenek abuztuaren 5eko 09:00etatik 7ra bitarte egin beharko dute "online" matrikula, ikasiko duten graduaren arabera. Matrikula egiteko jarraibideak eta matrikula osatzeko urratsak Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal dira.