Joan eduki nagusira
zoom García-Sanz

Ángel García-Sanz Marcotegui

Nafarroako Unibertsitate Publikoak “La Confederación liberal de la Montaña de Navarra (1836-1837)” liburua argitaratu berri du, Ángel García-Sanz Marcotegui Historia Garaikideko katedradun eta NUPeko ohorezko irakasleak idatzia. Lan honen bidez, egileak Nafarroako gerra karlisten interpretazio zuzenagoa egiten lagundu nahi du, liberalak haietatik at egon zirelako irudiarekin hautsi, eta, aldi berean, gaur egun desagerturik dagoen “liberalen memoria” onbideratu. Liburuak 192 orrialde ditu, eta 15 euro balio du paperean eta 9 euro formatu elektronikoan. 

Lehenbiziko kapituluan, XIX. mendearen lehen erdian Nafarroako ekialdeko Pirinioetako demografia, gizartea eta politika nolakoak ziren laburbiltzen da. Bigarrenak Zazpi Urteko Gerran eskualde horretan izandako altxamendu antikarlistak ditu ardatz: bata 1834an huts egindakoa, eta bestea 1836 eta 1837 bitarte burututakoa, Aezkoa, Erronkari eta Zaraitzu ibarrek “Nafarroako Mendialdeko Konfederazio Liberala” osatu zutenean. “Herrialde konfederatuaren” gorabeherak deskribatzen dira, eta zer ondorio izan zuen bertan bi alderdien tropa erregularren presentzia beti berdina ez izateak. 

Egileak dioen bezala, garai hartan euskaldunak ziren ibar horiek argi zuten beren jarduera-ildoa: karlistei aurre egiteko, beharrezkoa zen “Nafarroaren eta Nafarroaren arteko kontrairaultza egitea”. Horretarako, armamentu- eta defentsa-batzarrak sortu ondoren, 2.000 gizon baino gehiago armatu zituzten, eskualde bereko militar profesionalen gidaritzapean. Azken horiek eskarmentua zuten gerrillen gerran, ongi ezagutzen zuten lurraldea, eta prest zeuden hura karlistengandik defendatzeko. 

Hiru ibarretako eta Luzaideko biztanleek altxamendu antikarlistari emandako babesa nahiko orokorra izan zen, eta bertako agintariek argi utzi zuten nolako konpromisoa zuten erreginaren bandoarekin, Konstituzioarekin, “aberriaren askatasunekin” eta “kausa nazionalarekin”. 

Hirugarren kapituluan zehazten da nola okupatu zituzten “ibar altxatuak”, eta nola armagabetu zituzten 1837. urtearen amaieran, agerian jartzeko bertako biztanleek garai hartan bizi izandako amesgaiztoa. Era berean, liburuan azaltzen denez, ibar horietako eragin liberalak, Aezkoakoak batez ere, mikroklima sozio-politiko berezi bat sorrarazi zuen, 1936-1939 arteko gerra zibilera arte iraun zuena. Horrek berresten du zehaztu beharra dagoela karlismoak Nafarroan espazioan eta denboran izandako ustezko nagusitasun absolutua. 

Azterlana osatzeko, gehigarri biografiko bat egin da, eskualde horretan liberalismoari atxikita egoteagatik nabarmendu ziren dozenaka militar profesional, herritar mobilizatu eta apaizen azalpenak jasotzen dituena. 

Egileak aitortu duenez, “aipatutako guztiak zenbait galdera planteatzen ditu, eta horien erantzunak lagungarriak lirateke Nafarroako eskualdeek karlistaldietan izandako lerrokatze desorekatuaren irismena eta, batez ere, hori azaltzen duten arrazoiak argitzeko”.  

Gaur egun, Ángel García-Sanz Marcotegui Nafarroako Unibertsitate Publikoko ohorezko irakaslea da. Bere azken liburuen artean, aipatzekoak dira “Liberales navarros en la primera guerra carlista. Los cuerpos francos y el motín de 1837” (2014) eta “Liberales navarros a través de sus textos (1821-1823)” (2018).